http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

98.000 euroko laguntza eman du udal-gobernuak Erdi Aroko hiriguneko merkataritza dinamizatzeko

SERGIO EGUÍA

Erdi Aroko Hiriguneko Merkataritza- eta Zerbitzu-elkarteen Federazioarekiko (FEDASOC) lankidetza-hitzarmena onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, zona horretako merkataritza sustatu eta biziberritzeko. Ekimen horren bitartez, 98.000 euroko laguntza ekonomikoa emango dio Udalak federazioari, hainbat jarduera bideratzeko.

Diru-laguntzaren parterik handiena (51.500 euro) Almendrako Azoka antolatzeko izango da, hau da, 2004az geroztik hileko lehen larunbatetan egiten den azoka. Gainerakoa, Alde Zaharreko merkataritza-eskaintza bereizia sustatu, jende-fluxuak sortu eta bezeroak fidelizatzeko beste ekintza batzuk egiteko baliatuko da, Merkataritza eta Ostalaritza Plan Estrategikoan finkatutako helburuen ildotik, hala nola Kandelen gaua, Zinema-txokoak lehiaketa edo beste.

Bestalde, Estíbaliz Cantok zuzentzen duen Kirol Zerbitzuak proposaturik, Tokiko Gobernu Batzarrak bi lankidetza-hitzarmen onetsi ditu: lehena, ASPACE Araba elkartearekin, garun paralisia duten pertsonentzako jarduera fisikoak eta kirol jarduerak garatu eta sendotzeko; bigarrena, Autismo Araba elkartearekin, garapen arazo orokorrak dituzten pertsonentzako jarduera fisikoak eta kirol jarduerak garatu eta sendotzeko.

Gasteizko Udalak, Kirol Zerbitzuaren bitartez, arreta berezia eskaintzen dio dibertsitate funtzionala duten kolektiboei bereziki zuzendutako jarduera fisikorako programak sustatu eta garatzeari. Garun paralisia eta antzeko gaixotasunak dituztenen elkartea (ARABAKO ASPACE) eta Autismo Araba elkartea irabazi-asmorik gabeko entitateak dira, eta horrelako jarduerak garatzen dituzte Gasteizen.

Horren haritik, Udalak 24.587,71 euro emango dizkio ASPACEri harekin sinatu duen hitzarmenaren bidez, eta 14.442,01 euro Autismo Araba elkarteari.

Fotos

Vídeos