http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

800etik gora pertsona eta kolektibok planteatu dizkiote beren kezkak Urtarani 'Alkateak entzuten dizu' programaren bitartez

800etik gora pertsona eta kolektibok planteatu dizkiote beren kezkak Urtarani 'Alkateak entzuten dizu' programaren bitartez

SERGIO EGUÍA

Hiriko 800etik gora pertsona eta kolektibok planteatu dituzte beren zalantza, proposamen eta kezkak “Alkateak entzuten dizu” programaren bitartez, Alkatetzak agintaldi honetan abian jarri dituen komunikazio-bideak baliatuz. “Alkate gisa nire ibilbideari ekin nionean, esan nuen kalean izango nintzela, herritarrekin, eta kolektibo, enpresa eta banakoekin bilduko nintzela. Zuzeneko harremanak funtsezkoak dira hiriari pultsua hartzeko eta jendearen kezka eta eskarien berri izateko”, gogoratu du Gorka Urtaranek.

Guztira, bilera pertsonaletan, posta elektronikoz nahiz beste bitarteko telematiko batzuk baliatuz bidalitako zuzeneko mezuen bitartez 824 kontu planteatu dizkiote banakoek, elkarteek eta enpresek Gorka Urtarani. Egindako proposamenetatik, hamarretik bederatziri erantzun zaie eta itxi dira dagoeneko. Gainerakoak, tramitazio-prozesuan dauden, udal sailetan.

Gaiei dagokienez, alkateari planteatutako kontuen artean Alkatetza Sailarekin, Ingurumenarekin, Herritarren Segurtasunarekin, Gizarte Politikekin, Kulturarekin, Hezkuntzaren eta Kirolarekin zerikusia dutenak nabarmendu dira.

Gasteizko herritar, elkarte eta enpresa txiki eta ertainei pertsonalki erantzuteko antolatzen du alkateak bere asteko agendaren parte bat. Gainera, beste zenbait bitarteko ere baliatzen ditu hainbat konturi erantzuteko. Modu positiboan baloratu du Gorka Urtaranek beren kontuak azaltzera etorri zaizkion pertsona eta kolektiboen inplikazioa, eta zuzeneko partaidetzarako bitartekoak baliatzera animatu ditu herritarrak. “Gure begiak dira, gure antenak, eta beren laguntza berebizikoa da hiria egunez egun hobetzen joateko”, nabarmendu du.

Alkatearekin zuzenean komunikatzeko bide horiek Udalak herritarrekin komunikatzeko dituzten beste bide batzuei gehitu behar zaizkie —Herritarren postontzia, 010 telefonoa, VGarbi aplikazioa—, eta udal zerbitzuek, bitarteko digitalak baliatuz —berariazko sare sozialak, Udalaren webgunea— nahiz aurrez aurre entzun eta erantzuteko dituzten antenei.

Fotos

Vídeos