http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

7.500etik gora lagun izan dira 'Kazetaritza, bertatik bertara' jardunaldien jardueretan

7.500etik gora lagun izan dira 'Kazetaritza, bertatik bertara' jardunaldien jardueretan

SERGIO EGUÍA

“Kazetaritza, bertatik bertara” jardunaldien V. edizioak asistentzia-errekorra lortu du, 7.511 parte-hartzaile izan baitira kazetaritzaren eta prentsa-argazkilaritzaren inguruan sei egunez izan diren jardunaldi eta lantegietan.

Edizio honetako gonbidatuen artean izan dira Judith Prat eta Ricardo García Vilanova prentsa-argazkilariak, Mikel Reparaz eta Alexandra Gil berriemaileak, Joseba Zalakain, gai sozialetan aditua, eta Rocío López, Arabako Argazkilarien Elkarteko lehendakaria. Besteak beste, honako hauek jorratu dira jardunaldietan: desparekotasunak, Afrikako gatazka ahaztuak —Nigeria eta Kongoko Errepublika Demokratikoa—, EEBBetako egungo egoera, Daesharen eboluzioa Ekialde Ertainean, Frantziako gazteriaren errealitatea eta erradikalizatze yihadista, Kurdistan turkiarreko errepresioa, eta kaleko argazkigintza.

Aurten areagotu egin da jardueren eskaintza, kaleko argazkigintzari buruzko lantegi ireki batekin eta, bereziki, giza gatazkaren inguruko errezitaldi batekin —Ricardo García Vilanovaren irudiak eta iruzkinak, Bernardo Atxagaren testu errezitatuak eta Anari Alberdiren zuzeneko musika—. Uda honetako programari amaiera lirikoa emateko balio izan zuen errezitaldiak.

Partaidetza-errekorra

Orain arte egin direnen artetik, partaidetzarik handiena izan duena izan da aurtengo edizioa. Gora egin dute entzuleek hitzaldietan —231 lagun, batez beste—, baita erakusketa ikusten izan direnek ere. Zinema-proiekzioetan, berriz, leku guztiak bete dira. Bertaratzen den jendea gero eta heterogeneoagoa da: adin guztietako jendea, gazte nahiz adineko, goi-mailako ikasketak dituztenak nahiz ez dituztenak, baita kanpotik etorritako jenderik ere. Gonbidatuen hitzaldiek eta ondoren izan diren solasaldiek maila jasoa erakutsi dute.

“Nabarmendu beharreko ondorioa dugu —adierazi du Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok— erabat bete direla programaren helburuak: egungo zenbait gai sakon aztertzea entzute handiko kazetari eta analisten eskutik, zeinek, askatasunez eta enpatiarekin, bakoitzak bere erara, beren lanak erakutsi baitizkigute, eta, bidenabar, etengabe aldatzen ari den mundu baten gaineko beren ikuspegia”.

Fotos

Vídeos