http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

2019rako, Arakako biltegietan 105.000 metro kubikoko edukiera izatera iritsiko da AMVISA

Gorabeherarik edo konponketarik izanez gero ur-hornidura bermatuko dute hobekuntzek, bi egunez neguan eta egun eta erdiz udan

SERGIO EGUÍA

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Arakako araztegia bisitatu du gaur goizean, AMVISAk 30.000 metro kubikoko biltegi bat eraiki berri baitu bertan. Duela gutxi eraitsi zen biltegi zaharraren ordezkoa da hori, eta estankotasuna probatu da, datorren astean hasteko. Udalaren ur-enpresaren asmoa da inguruan geratzen den azken biltegi zaharra —35 urte baino gehiagokoa— 2019ko lehen seihilekoan ordeztea. Bi biltegi horiei duela hamarkada bat baino gutxiago eraikitako beste bat gehituta, Gasteiz 105.000 metro kubikoko edukiera izatera iritsiko da, orotara 8 milioi euro inbertitu direlarik. Hartara, ur-hornidura bermatuta geratuko da gorabeherarik edo konponketarik izanez gero, bi egunez neguan eta egun eta erdiz udan. Orain arte, eta elementutik zaharrena ordezten ari zen bitartean, 70.000 metro kubiko biltegiratu zitezkeen Arakan.

“Arakako instalazioak eguneratu eta hobetu ditugu, gure udalerriari kalitate handiko ur-hornidura bermatzeko xedez” azaldu du Gorka Urtaran alkateak.AMVISAren lehendakari Jaione Aguirrek gogorarazi du, halaber, “laster biltegi zaharrenean esku hartuko” dela, “AMVISAk aurreikuspenez lan egin nahi” baitu, “eta etengabe hobetu, instalazioak beti egoera onean egon daitezen”. AMVISAren kudeatzaile Ángel Llamazaresek ere hartu du parte gaur goizean Arakara egindako bisitan. Ondoren, Krispiñako araztegia bisitatu dute udal ordezkariek.

Duela urtebetera arte, Gasteizek urez hornitzeko hiru biltegi zituen Arakan; horietako bik 35 urtetik gora zuten, eta hirugarrenak, 9 urte —azken hori ere sendotu egin da, gaur aurkeztu dena ordezten zen bitartean funtzionamendu egokia bermatzeko—. Biltegi zaharren egoera txarra eta Iruñean antzeko ezaugarriak zituen biltegi baten zati bat hautsi egin zela kontuan izanik, biltegi zaharretako bat eraistea erabaki zuen AMVISAk. Gaur aurkeztu den biltegi berriak 30.000 metro kubikoko edukiera du; 30 metro garai da, eta barrualdeko diametroa 60 metrokoa da.

Hori martxan dagoenean, Arakako beste biltegi zaharra eraitsi eta berria eraikitzeko lehiaketara deituko du AMVISAk. Bide batez, AMVISArentzako nabe bat eraiki eta ur-biltegien ingurua urbanizatuko da. Udalaren ur-enpresaren asmoa da 2019ko lehen seihilekoan egitea lan horiek.

Fotos

Vídeos