http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

114.000 euro inbertituko ditu Urtaranen gobernuak Paula Montal kaleko zoladura hobetzeko

SERGIO EGUÍA

Paula Montal kaleko zoladura hobetuko du Gasteizko Udalak, Antonio Machado kalearen eta Sansomendi kalearen artean. Izan ere, egoera txarrean dago inguru hori gaur egun. Gaur goizean onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak lan horiei ekitea, 6.516 metro koadroko azaleran. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak jarduera horretarako duen aurrekontua 114.328,34 eurokoa da. Hilabete iraungo dute lanek.

Oraingo zoladura fresatu egingo da, leku hondatuenetan bigunguneak konpondu, eta, azkenik, mikroaglomeratu beroko geruza botako, betunarekin. Halaber, egoera txarrean dauden zintarriak eta pasaguneak konponduko dira. “Esku-hartze erraza izan arren, Gasteiz aurrera doala erakusten du, eta jendearen bizitza egunez egun errazagoa izan dadin lan egiten dugula. Inguru horretako bizilagunek denbora zeramaten esku-hartze hori eskatzen, eta haien eskariari erantzungo diogu orain”, adierazi du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotzi Iñaki Prusillak.

Bestetik, Gorka Urtaran alkateak eskerrak eman dizkie “duela 20 urte “Irisgarritasuna Sustatzeko Legearen alde egin zuten talde, elkarte eta pertsona orori, gaur egun ere berdintasun-politiken bultzatzaile baitira. Bereziki nabarmendu behar da Eginaren Eginez elkartearen zeregina. Hiri modernoak aukera espazioak dira, non pertsona ororentzako aukera-berdintasuna bermatu behar baita. Gizarte modernoak, gainera, pluralak eta askotarikoak dira”.

Horrekin lotuta, alkateak gogorarazi du Gasteizko Udalak Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzua sortu duela agintaldi honetan, eta zerbitzuak dituen hiru ardatz estrategikoetako bat irisgarritasuna dela, hain zuzen, “arkitekturaren ikuspuntutik ulertuta ez ezik, baita zeharkakotasunez ere”.

“Irisgarritasuna Sustatzeko Legearen 20 urte” jardunaldia egiten ari da gaur Europa jauregian, Eginaren Eginez elkarteak antolaturik. 40 pertsonak baino gehiagok —irisgarritasunaren arloko profesionalak, dibertsitate funtzionala duten pertsonak eta elkarteen ordezkariak— irisgarritasun unibertsala lortzeko erronkak aztertuko dituzte.

Fotos

Vídeos