http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

1000tik gora ikaslek parte hartu zuten, iaz, lanari buruzko GPS proiektuko lantegietan

SERGIO EGUÍA

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak iaz GPS proiektuaren baitan egindako jardueren balantzea egin du. Proiektuak ikasketei eta lanari buruz orientabidea ematea du xede, berdintasuna kontuan hartuta. Aipagarria da orientabiderako lantegietan 1.094 pertsonak parte hartu izana. Horietatik 20 gurasoak izan ziren, gainerakoak DBHko eta derrigorrezkoaren ondoko hezkuntzako ikasleak. Lantegietan honako arloei buruzko informazioa eta aholkuak eman dira, besteak beste: zein ikasketa aukeratu, lanbide eskatuenak, enpleguaren bilaketa nola bideratu….

Hiriko 14k ikastetxek hartu du parte lantegiotan. Lantegi gehienetan (% 48,8an) gai hauek landu zituzten: enplegua bilatzea gehien eskatzen diren lanbide profiletatik abiatuta, gizarte sareen bidez lanak aurkitzeko aukerak, curriculumaren balioa eta hautaketa prozesu bat gainditzeko modua. Lantegien % 25ek ikasketen aukeraketa izan zuten gai nagusi; % 25k ikasleen auto-ezagutza sustatzea. Gainerako % 1,4 gurasoei zuzendutakoak izan ziren, eta gazteen talentua berresteko baliabideak eskaini zitzaizkien.

Orientabiderako lantegi hauen asebetetze-maila handia izan da; parte-hartzaileek 8ko nota globala jarri diote inkestetan (hamarreko nota izan zitekeen gehienez). Hauexek izan dira puntuaziorik altuena lortu duten alderdiak: eskainitako laguntza, talde-dinamikak eta zalantzak argitzeko aukera. Ekimenean parte hartu duten ikastetxeetako irakasleek 9ko nota jarri diete lantegiei.

Lantegiez gain, bada laguntzarako beste baliabide garrantzitsu bat ere: online GPS gida. Lanabes hau paper euskarrian sortu zen; 2010ean, euskarri elektronikora pasa zen, eta 2016an, edukien birmoldaketa handia izan zuen. Horren ondorioz, bisita kopurua biziki handitu da, eta iaz, 14.000 gora izan ziren atal guztien artean (aurreko urtean baino ia 6.000 gehiago)

Ikastetxeetako orientatzaileei laguntzea eta aholkuak ematea ere barne hartzen du berdintasunerako orientabideko GPS proiektuak. Arlo honetan nabarmentzekoak dira lan-merkaturako gaitasun digitalei buruzko ikastaroa, eta laneratzera bideratutako coaching jardunaldia.

“Gazteek erabaki garrantzitsua hartzen dute ikasketak eta lan-etorkizuna aukeratzean, eta maiz segurtasun eza eta zalantzak eragiten dizkieten erabakia da. GPS proiektuari esker, laguntza eskaintzen diegu ikasle, orientatzaile eta gurasoei, eta norberaren beharrei eta prestakuntza-akademikoaren eta lan-merkatuaren bilakaerari gero eta lotuago dago” adierazi du Nerea Melgosak.

2017-208 ikasturtean hainbat hobekuntza izan dira GPS proiektuan, esaterako: ikastetxe bakoitzeko ikasleen beharretara hobeto egokitzen den orientazio lanbidea aukeratzea; lantegiak batxilergoko ikasleei zabaltzeko aukera aztertzea; ikuspegi ireki eta positiboa sustatzea; ikasketak aukeratzeko orduan genero ikuspegia sustatzea; eta ikastetxeei interesatzen zaizkien enpresetako arduradunak geletara joateko aukera izatea, bertan azal dezaten zein langile behar dute eta beren sektorean eskatzen diren profilak zeintzuk diran.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos