http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ia 10.000 pertsona hurbildu dira Zabalganeko gizarte etxera ate irekiko jardunaldietan

Urban Commerce Foroaren XII edizioa urriaren 5ean izango da, Europa Jauregian

SERGIO EGUÍA

Zabalganeko gizarte etxeak 9.893 bisita izan ditu irailaren 28tik, ate irekiko lau jardunaldietan, eta gaur ohiko jardunari ekingo dio, gizarte etxe eta kirol instalazioetako ikastaroak eta jarduerak hasiko baitira.

Ireki zen egunean bertan 2.313 pertsona hurbildu ziren; ostiralean, berriz, 2.261. Asteburuan handitu egin zen bisita-kopurua, larunbatean 2.520 eta igandean 2.799 zenbatu baitziren.

Ate irekiko lau jardunaldietan, bisita gidatuak egin ziren, etxeak dituen espazioak ezagutu ahal izateko, eta hainbat jarduera eta lantegitan parte hartzeko aukera izan zen: igerilekuan bainua hartu, dantza-aretoan dantzaren bat praktikatu, bidezko merkataritzako produktuak dastatu, edo pintura eta eskulanen lantegietan parte hartu.

Gainera, ludoteka eta ludokluben sareak jai handia egin zuen, eta bakarrizketak eskaini ziren jarduerak amaiera emateko.

Bestalde, datorren ostegunean, urriak 5, Urban Commerce Foroaren hamabigarren edizioa izango da, Europa Kongresu Jauregian. Gasteizko Udaleko Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Sailak antolatuta, merkatari txikiengan eta bezeroekiko harreman mota ezberdinetan zentratuko da hitzordua; izan ere, azkartasuna gailentzen da kontsumitzaileekin jokabidean faktore nagusi gisa.

Jardunaldi teknikoa xehekako merkataritzako profesionalei zuzendua egongo da, baita sektore horretan diharduten bestelako eragileei ere: erakunde publikoak, unibertsitatea, enpresa elkarteak, aholkularitza enpresak, etab.

‘Slow Commerce ¿mito o posibilidad a la que aspirar en nuestras ciudades?’ izenburupean, bezeroen jokabideak ulertzen saiatuko gara, baita honako alderdiak aztertzen ere: hiri-merkataritzak horiei ematen dien erantzuna, gune metropolitarrek uten konpromiso eta iraunkortasuna, egungo zein etorkizuneko erosketa-prozesuen euskarri izan daitezkeen negozio-eredu berriak.

Urban Commerce ekimena 2006an sortu zen. Urte horretan Gasteizko Udalak Hiriko Saltokien inguruko Nazioarteko Kongresu bat antolatzearen aldeko apustua egin zuen. Helburua: hiria merkataritzaren biziberritze-prozesu baten erreferente bihurtzea eta hiriko saltokien modernizazio eta berrikuntzaren inguruko esperientziak partekatzeko gune bat izatea.

Urban Commerce markaren barruan sartzen diren jardueren artean, nazioarteko lau kongresu eta zazpi jardunaldi tekniko antolatu dira 2006tik. Foro horiek profesional prestigiotsuen arteko topagune bihurtu dira, arlo askotan: hirigintza komertziala, iraunkortasuna, marketina, kontsumo joera berriak, immigrazioaren fenomenoa komertzioan, berrikuntza, enpresa komertzialean aplikatutako teknologia, irisgarritasun konponbideak, eta abar.

Urban Commerce ekimena hasi zenetik 11 urte pasa dira. 2017an Gasteizko Udalaren Enplegu eta Ekonomia Iraunkorrerako Sailak Urban Commerce ekimenari jarraipena emateko erronka hartu du bere gain. Horretarako, jardunaldi tekniko bat antolatzea erabaki zuten, honakoei zuzenduta: saltoki txikietako profesionalei eta erakunde publiko, unibertsitate, enpresa elkarte, aholkularitza eta abarren bidez sektore horren lehiakortasuna hobetzeko lan egiten dutenei.

Fotos

Vídeos