Mugikorra eskuan, hainbat eta hainbat neskato-mutiko zenbilen atzo, Durangoko Landako pabiloian zabaldu zan kultura merkatutik, hara eta hona. Ikasleek, teknologi barrien erabiltzaileek gehienek, Azokako interneterako konexino libreak kargatzera lagundu eben. Batzuk bertako txokoetatik izkututa zegozen QR deritxoen kodigoetan gordetzen ziran sekretuak aurkitzen zenbilen. Behin aurkituz gero, eskaneatu egiten ebezan eta planteatutako galderei erantzuna emoten ahalegintzen ziran. Horren truke misterioa argitzeko gakoaren letrak jasotzen ebezan, banan-banan. Osotzea lortu eben parte-hartzaileek zozketa baten sartu ziran.
Neketsua zan sistema eta bazegoan krispetak eskaintzen dauzen proportziotik kanpoko makinaren aurrean 'tuit'ak botatzea gurago ebana. Piztiaren bihotz informatikoak 1.200 mezu baino gehiago zenbatzen ebazan eguerdian, eta labeak funtzionatzen jarraitzen eban. Handik metro gitxira aurkitzen zan txalaparta bat jotzea aukeratu eben beste batzuk eta Balea euskal enpresaren 'Practice your musique' izenadun aplikazinoaren bitartez, euren mugimenduak bideojoko baten bihurtzen ziran.
Azokako pabiloiaren airean flotatuz zegozen miloika bits eta byteak ordenatu beharra zegoan eta hortara hasi ziran teknologi barriei zuzendutako Kabi@ espazioan. Bestetik, adituek eta ikasleek zeregin handinahian hasi ziran lanean, Wikipedia euskerazko artikuluakaz elikatzeko. Ekimenak abiadura hartuko dau apurka-apurka, Bigarren Hezkuntzako eta Batxillegoko irakasleei formakuntza teknikoa emonez eta artikuluen fondoa euskeraz elikatzeko garrantziaz sentsibilizatuz, azokako teknologi barrien eremuaren arduraduna dan Maite Goñiren eritziz.
Wikipedia enziklopedian adituek azaldu eben moduan, euskerazko Wikipediak oraindino hazkunde esponentziala dauka. Atzorarte, euskeraz idatzitako 147.651 artikulu gordetzen ziran, bost hiztun bakotxagatik bat, gitxigora behera, Durangon batu ziran adituen esanetan. Halandaze, lasterketa hori, apurka-apurka mantsotzen joatea itxaroten dabe, sarean erabilienak diran beste hizkuntza batzuekaz -ingelesa tartean- gertatu izan dan moduan.