Urtero gertatzen den bezala, aurten ere milaka pertsona bilduko dira San Tomaseko jaian koadrilako lagunekin, senitartekoekin edota lankideekin primeran pasatzeko aukera aprobetxatu nahian. Beti bezala, Bilboko Areatza eta Zazpikaleetako Plaza Berria jai apropos baten eszenatoki nagusi bilakatuko dira eta ez dugu hanka sartuko sortuko den giroa ezinhobea izango dela aurreratuta.
Gustu eta adin desberdinetako jendea izango da San Tomasen. Taloa jan eta garagardoa edan nahi dutenetatik, bertan salduko diren produktuetaz gozatu nahi dutenetara; jaira urtero joaten direnetatik, azoka honetan debutatzen dutenetara; kalimotxoa eta garagardoa litroetan edaten dutenetatik, produktu esklusiboak erostera mugatzen direnetara... Hori izango da gaurko San Tomas eguna. Hiriari urtea amaitu baino lehen egingo zaion omenaldi ederra. Azken bultzada. Bilboko jende desberdin guztia bilduko duen txokoa. Abenduaren 21a.
San Tomasen 65.edizioan, iaz baino stand gehiago izango dira: 300 inguru, hain zuzen ere; eta, bertan, jendeak txakolina, gazta, sagardoa eta baserriko produktuak erosi ahal izango ditu. Zehazki, hogei gazta-erakustegi, bat animalia bizidunena, beste bat barazkiena eta ogia saltzen duten beste hamazazpi postu izango dira jai gunean, non euskal pastela menperatzen duten beste hogeitabost stand izango diren ere bai. Hortaz aparte, mota desberdinetako loreak, fuituak eta kontserbak erosteko aukera aproposa izango da biharkoa.
Areatzako paseoan 218 postu izango diren bitartean, Plaza Berrian 60 stand inguru jarriko dira. Metro gutxira, bertara hurbiltzen direnek Arriaga Antzokiaren inguruan urtero jartzen den tradizioz betetako Artisautza feriaz gozatu ahal izango dute. Eta nahikoa ez balitz, Bailen kalean urteroko Gabonetako azokan erosketak egiteko aukera izango da ere bai.
"Garraio publikoan hobeto"
Kotxearekin arazoak izan nahi ez badituzue, argi ibili, eta garraio publikoa erabiltzen saia zaitezte. Izan ere, Sendeja, Erribera eta Arenal zubiaren inguruan ezarritako festa gunea goizeko 11etatik egongo da itxita auto, motor zein beste edozein ibilgailurentzako. Asier Abaunzak, Bilboko Udaleko Zirkulazio eta Garraio Saileko zinegotziak azaltzen duenez, horrelako egunetan "alkohola konstumitu duen jendeak ez du zertan kotxea hartu" eta, beraz, argi dago hobe dela kotxea garajean uztea, tontakeri bat egitea baino.
Gauzak horrela, Bilbora auto pribatuan hurbiltzea baino beste erremediorik ez dutenek, Areatzan, Plaza Berrian, Viuda de Epalzan eta Erriberan diren parkingak zabalik izango direla jakin behar dute. Ildo horretatik, zinegotziak gogorarazi duenez, interesatuek trenean, tranbian eta gaueko hirurak arte izango den gautxorian mugitu ahal izango dira. "Ez dago aitzakirik garraio publikoa ez erabiltzeko", adierazi du. Zinegotziak bertan izango diren zabor-edukiontziak erabiltzea eskatu du ere, istripuak eta zauriak ekiditeko asmoarekin.
Segurtasuna kontrolatzen
Udalak 125.000 pertsona inguru bilduko direla espero duenez, 70 polizia-agente jarriko ditu kalean. Horietatik, hori bai, hogeik ezkutuan patruilatuko dute eman daitezkeen lapurketak, borrokak eta beste edozein arazo kontrolatzeko asmoarekin. Eta beste edozein jaitan gertatzen den bezala, honetan ere gomendagarria da norberak bere gauzak zaintzea, badaezpada.
Amaitzeko, gogoraztea 10:00 etatik 21:00 etara ohiko produktuen salmenta izango dela postu desberdinetan; 10:00 etatik 18:00etara, haurtzaindegi zerbitzua eskainiko dela Arriaga plazan, non ume bakoitzak bi ordu gehienez pasatu ahal izango dituen. Eta 19:00etan, Oskorri & The Pub Ibiltariak kontzertua eskainiko dutela BBK Aretoan (Gran Vía 19 eta 21). Ez pentsa, eta hurbildu zaitez!