Euskal nostasunaren ezaugarriak batzen dauzan leku bat aurkitzen bagabilz Gernika-Lumora jo beharko dogu, derrigor. Bizkaiko herri horretan aurkitu daikeguz, hain zuzen be, Euskal Herriko historiaren sinbolo biziak diran Arbola mitikoa eta Batzar Etxea. Aurtengo udan, abuztuan bakarrik, Gernikako Juntetxeak 26.264 bisitari erakarri dauz. "Egunean-egunean, mila lagunetik gora zenbatu izan doguz", azpimarratu dabe Bizkaiko Batzar Etxearen bisita gidatuak egiten dabilzen langileek.
Batzar Etxea 1825 eta 1833 bitartean eraiki zan, Antonio Etxebarria arkitektoaren proiektuaren arabera, estilo neoklasikoan. Arkitektura multzoa, Zin tribunak, Arbola Aitak (1742), Arbola Zaharraren enborrak (1892-1742) eta Batzar Etxeak osotzen dabe. "Gernikako Juntetxea euskaldunen ikurrik adierazgarrienetakoa da. Antzina Bizkaiko elizateen ordezkariek bertako haritzaren azpian batzen ziran, arazo komunak eztabaidatzeko", azaltzen deutsee bisitariei. Arbola azpian burutzen zan erabakiak hartzeko eta legeak eratzeko erritua, ondoan zegoen ermita txiki baten egiten zan egun euritsu sarrietan. XIX. mende hasieran baina, elizaren zimenduen gainean gaur egungo Batzar Etxea eraiki zan. Ordutik gaur arte, monumentu multzoa apenas aldatu da eta bere osotasunean bisitatu daiteke.
Gaur egun, Juntetxea Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza da. Arbola ez ezik, Batzarrak egiten diran areto nagusia eta Bizkaiko Batzarren historiari lotuta dagozen artelanak eta osterantzeko objektuak gordetzen dauzan gela ikusteko aukera eskaintzen dau. Ikusi daitekezan bitxikerien artean, Sebastian de Galbarriartuk eta Bustrin anaiek XVII. mendean egindako Bizkaiko Jaunen erretratuak agertzen dira. Baita Gernikako Arbola eta haren inguruan Bizkaiko herrien monumenturik adierazgarrienak erakusten dauzan beirate erraldoia edo, besteak beste, Batzar Nagusien bozketetan erabilitako zilarrezko txartelak (XVII. mendekoak), Ahaldun-nagusien aginte-makila (XVIII. mendekoa) edo mende bardinekoak diran zilarrezko idazmahaiak.
Andra Mari eliza
Gernikako Batzar Etxea bisitatzeko ordutegia 10.00etatik 14.00ak arte eta 16.00etatik 18.00etara arte da. Ekain eta urri bitartean, 19.00ak arte zabalik dago. Bisita gidatuak 60 lagunentzako dira, eta, beraz, aurretik 946251138 telefono zenbakira deitzea gomeni da.
Juntetxea kokatzen dan lekutik hurre, bisitatzeko beste leku interesgarri batzuk aurkitu daikeguz Gernikan. Horreetariko bat da, Batzar Etxetik metro distantzia gitxira dagoen Andra Mari eliza. Tenplua XV. mendean eraikitzen hasi zan, orduko eredu gotikoari jarraituz. Halandaze, mende bat geroago, Alemanian zabalduta zegoen 'hallenkirche' sistemara egokitu zan, eta, horren ondorioz, estilo ezbardinek ezaugarritzen dabe eliza. "Esate baterako, portada gotikoa da, baina barrualdea errenazentista" dela zehazten dabe Gernikako Turismo bulegoko arduradunek.
Uda partean antolatzen dabezan bisita gidatuetan, elizaren ibilbidea aztertzen da; "Euskal Gotikoaren adibide onenetariko baten ibilbidea, hain zuzen", azpimarratzen dabe. Horretarako, lehengo eta behin kanpoaldetik antzeman daitekezen ezaugarriez jarduten dabe, eta, ondoren, barrura sartu eta elizaren historiaz eta bertan azalean dagozen estilo desbardinen arrastoez eta ezaugarri nabarmenenez hitz egiten dabe. Aldare, koru eta kaperak ikusteaz gainera, triforiora igotzeko aukerea be eskaintzen jake bisitarie.