Lubakietako kanpaina

Harizpetik

Abenduaren 21ekoak ez dira hauteskunde arruntak Katalunian, nahiz eta ohiko esparru autonomikoan burutuko diren eta ez Errepublika aldarrikatu berriarenean. Bloke nagusi bien arteko berdintasunak elkarrizketara bultzatuko ditu alderdiak, ezinbestean

Lubakietako kanpaina
Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Herrialde baten etorkizun politikoa ulertzeko eragile nagusien modua aspalditxotik etengabe urrundu ostekoa da egungo egoera Katalunian. Muinekoak dira desadostasunak —kontzeptualizazio eta errealitate printzipiora artekoak—, bateraezinak egitasmoak, aurrez aurrekoak kontakizunak, kontrajarriak antolaketa politikorako funtsak. Presidentea eta lau kontseilari, erbestean; Gobernuko beste sei kide, askatu berri ehun milana euroko bermepean; presidenteordea eta Barne sailburua, kanpainaren berri euren ziegetatik jasotzen. ANC eta Òmnium-eko buruak ere, preso. Eta Generalitat-a, esku hartuta, horretarako Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua baliatu eta gero.

Duela zenbait urte, ez asko, Kataluniak Estatuarekiko agertutako konpromisoa goraipatzen zuten askok, eredugarri zelakoan. Egonkortasuna zuen ezaugarri nagusi, egitura autonomikoan ustez fin txertatzeko bizkortasuna. Estatut berriaren ingurukoek, aldiz, bestelako errealitate bat egituratu zuten, neurri batean PPren arduragabekeriak elikatutakoa. Rajoyren alderdiak 114 artikulu eta 12 xedapen inpugnatu zituen 2006an, giro politikoa irakiten jarri eta demagogia muturreraino eramanda. Lau urte beranduago, Auzitegi Konstituzionalak 14 artikulu baliogabetu zituen, eta beste 23ren eta lau xedapenen interpretazioa finkatu. Egoera horretan, bertako gizartearen gero eta zati nabarmenagoa aitortza maila handiagoa hasi zen galdegiten, independentzia irtenbide bakartzat jo arte. Prozesu hori aurreko urriaren 27an borobildu zen, Parlament-ak Kataluniako Errepublika independentea aldarrikatu eta gero. Baina nazioartean ez du inolako aitortzarik jaso, eta Espainiako Gobernuaren esku hartze zuzena eragin du.

Rajoyk deitutako hauteskunde autonomikoetan parte hartzea onartu dute alderdi guztiek, baita CUP bezalako sutsuenek ere. Horrek, berez, gobernuburuaren alde jokatzen du, hartu duen kontrolari zeharkako zilegitasun politikoa ematen diolako. Egoera azken lau hamarkadetako gogorrena da Katalunian, nola bidera daitekeen ez jakiterainokoa. Dena den, kanpaina ari da zantzuak eskaintzen, independentziaren aldekoen eta aurkakoen blokeak ere ez direlako monolitikoak. Ñabardurek indarra hartzen duten heinean, orain arteko mugez gaindiko akordioak hasi beharko dira lantzen. Eta erabaki eskubidea izan liteke gakoetakoa etorkizuneko gutxieneko adostasunetarako, independentziak baino dezente babes zabalagoa duelako. Horretan bat datoz ERC, JxCat, CUP eta En Comú-Podem, azken hauek independentziari ezezkoa emateko bada ere. PSC, aldiz, jira-biraka ibili da gai honen inguruan, duela ez horrenbeste galdeketa adostuaren alde agertu eta gero, prozesu subiranistak aurrera egin ahala bere jarrera hoztu egin delako, 155. artikuluaren bitarteko esku hartzeari men egiteraino.

Inkestek, ohi denez, joerak islatzen dituzte. ERC nolabaiteko paralisiak jota dago, Oriol Junqueras preso dutelako, batik bat. Zerrenda bateratuari uko egin eta garaipena berea zela uste eta gero, Marta Rovira ez da gai izan orain arte sendo agertzeko, independentziaren aldekoen ubide gisa jokatzeko. Galduta ematen du, eta hankasartzeak pilatzen hasia da. Ontzi komunikatuetan bezala, beretzat ez dena Puigdemont-ek jasotzen du, gero eta nabarmenago. Abileziaz ari da baliatzen erbesteko mistika, siglez gaindiko presidente legez agertzeko, eta kanpainari geratzen zaizkion egunetan joera horri eusteko gai bada, ezustekoa eman dezake. Agian ez zerrenda bozkatuena izateko, baina bai subiranismoaren baitan lehen mailako protagonismoa izaten jarraitzeko. CUP, ostera, esentzien eremuan jokatzen dutenei sarritan jazotzen zaienaren biktima da: eragiteko eta baldintzatzeko sasoia joandakoan, luzera begira muturretik ezer eraikitzerik ez dagoela irizten diotenak urruntzen hasten direla.

155.aren aldeko hirukoan, bestalde, Ciudadanos ari da nabarmentzen. Prozesuaren kontraesanen arteko sekulakoena litzateke duela hilabete eta erdi independentzia aldarrikatu duen herrialdean horren aurkako alderdirik erasokorrena izatea bozkatuena. Rivera eta Arrimadas gatazkan mugitzen dira erosoen, eta horrek ematen die etekina. Hala, independentziaren aurkako sektore erraienetakoen babesa jasoko dute hauteskundeotan, laranjek politika horrelaxe ulertzen dutelako, gordin. Espainiar uniformetasunaren ezin zaleago dira, jakobino huts; eta Estatuaren baitako nazionalitateak xaxatzetik bizi dira. Hortik aurrera, berdin zaie ideologiaz aldatzea: atzo sozialdemokrata-edo, gaur liberal. Eta Katalunian erreakzio modura ari dira hazten, kontrara. Ohikoan inkestetako aurreikuspenak benetako emaitzak baino onuragarriago izan zaizkien arren, azkenean irabazle badira gainerako eragileek, nazionalistek batik bat, hausnarketa sakona egin beharko dute, porrot sinbolikoa jasango dutelako. Polarizazio dinamika horretan, PP eta Albiol ez ere ez dira gai izan hain muturreko agertzeko.

Sozialistek, aldiz, euren burua argitu beharko dute, beste hainbatetan legez. Miquel Iceta zubigintza lanetan saiatu da behin baino gehiagotan, alperrik; eta ekilibrista bokazio horri helduta aurkezten du bere burua bozetara. Galdeketa adostuaren aldeko apustua atzean utzita, ez omen du Arrimadas presidente izateko babestuko, ez PP dagoen gobernuren batean parte hartuko. Haatik, Tarragonan, esaterako, bere alderdiak gustora kudeatzen du udala popularrekin. Zehaztasun faltak gora egiten lagundu diezaioke aurrez aurreko talkarekin neka-neka eginda dagoen gizartearen zatian, baina ezin izango du horrela etengabe jarraitu. Irtenbide eta bidaide zehatzak proposatu beharko ditu egungo egoera gainditzeko, galdutako oinarrizko hainbat adostasun berreskuratzen hasteko.

Emaitza zehatzez gaindi, abenduaren 21etik aurrera Katalunian elkarrizketa gailenduko da nahitaez. Autogobernua berreskuratu eta zabaltzeko, Prozesuaren ondoriozko presorik ez izateko, aldarrikapen nazional zabal eta zeharkakoenak aintzat hartzeko. Arazo politikoei irtenbide politikoak dagozkie. Ez geldotasuna, ez ukazioa, ez kanpoko esku hartzea. Premiazkoa da egungo ataka ezin larriagoa gainditzea, eragile guztien aldetik inoizko arduratsuen jokatzea. Abenduaren 22a gertu dago. Hori da bestelako agertoki bati begirako lehen eguna.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos