Elkarren bila

Iglesias eta Sánchez elkar ikusi ziren joan den astean, /EFE
Iglesias eta Sánchez elkar ikusi ziren joan den astean, / EFE

Duela zenbait hilabeteko euren barne prozesu korapilatsuen ostean, PSOE eta Podemos elkar gerturatzeko ahaleginean ari dira. Baina aldi berean lehia bizian dabiltzanez, zaila izango zaie ardatz bateratua osatzera heltzea

Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Krisi ekonomikoak eta politika molde zaharkituek eragin zuten Podemosen sorrera 2014aren hasieran, hiru urte lehenagoko Maiatzaren 15eko mugimenduaren ondorio legez edo. Sozialistak Gobernuan zeuden oraindik Madrilgo Puerta del Sol plaza lepo bete zen hartan. Ordurako, eutsi ezinik. 2011. urte haren amaieran irabazi zituen hauteskundeak gehiengo osoz Alderdi Popularrak, eta abenduaren 21ean Mariano Rajoy aukeratu zuen presidente Kongresuak. PSOEk zeharo ahulduta eman zion amaiera Rodríguez Zapateroren aroari, inoiz Espainiako ezkerraren zati oso handi bat bere inguruan bil zedin lortu zuen berberarenari.

Ez zuen ikusi krisia zetorrela, eta inork uste baino gordinagoa eta globalagoa izango zela. Egoera oso larria zen jada mugitzen hasi zenerako; eta estu, gaizki erantzun zion egoerari. Ezkerretik barik Merkelen irizpideen arabera, gainera. Horrek eraman zuen jendea kale eta plazetara, eta horrek txikitu zituen sozialisten aukerak luzaroan.

Oraingoz ez da ‘sorpasso’rik gertatuko, eta hori argi izateak, lehia demoskopikoa neurri batean baretzeak, abiapuntuan lagunduko du.

Podemosek arrakastaz arrakasta ekin zion hauteskundeetako bere ibilbideari, eta sasoi batean lehen indar legez ere agertu zen inkestetan. Dena konpon zezakeela ematen zuen, krisiak hondora bultzatutakoei berriz itxaropena emateko gaitasuna zuela. Denborarekin erreximen bihurtutako Venezuelako gobernuarekin izandako lotura estuen inguruko salaketak gorabehera, Pablo Iglesiasek eta bere ingurukoek mugimendu politiko indartsua egituratzea lortu zuten, bigarren alderdi izatea amesteraino. 2015eko hauteskunde orokorren ostean, sozialistak Ciudadanos-ekin gobernua osatzen ahalegindu zirenean, moreek nahiago izan zuten aukera horri ezezkoa eman eta berori eragoztea, hauteskunde errepikatuetan ezkerreko alternatiba nagusi bilakatuko zirelakoan. Usteak ustel, baina.

Iglesias - Errejón

Ostekoa aski ezaguna da, PSOEren barne egoerari dagokiona batetik, Pedro Sánchez kargugabetzeko operazioarekin eta zortzi hilabete beranduagoko primarioetako bere garaipenarekin lotutako guztia; eta baita Podemosen Iglesias-Errejón lehia bizian lehena aise nagusitu zenekoa ere. Azken barne prozesu honen emaitza mesedegarria izan zen sozialistentzat, Podemos muturrean kokatzen zuen neurrian; eta PSOEn jazotakoa, aldiz, kaltegarria aurrekoentzat, idazkari nagusi zahar-berriak, bere postutik kendu zutenez geroztik, halako ezkerreko benetako buruzagi distira hartu zuelako.

Bitartean, PPk aurrera jo du, gehiengo osoa izan ez arren. Hasieran Batzorde Kudeatzailearen PSOEren abstentzioaren eta osteko nolabaiteko lankidetzari esker, eta gerora bestelako babesak bilatuta. Egoera horri EAJk atera dio probetxurik handiena, Estatuko Aurrekontuei baiezkoa ematearen truke Euskadirentzat onura mordoa lortuta. Datorren urterako gastu mugaren oztopoa ere gaindituta, popularrek legealdi ia guztia betetzea lortuko dute, nahiz eta oraindik bidean kontzesio ugari egin beharko dituzten.

Kataluniari eta Euskadiri zor zaien nazio aitortzan bat datozela ematen duen arren, ez dago argi nola gauzatu nahi duten hori

Podemosen duela gutxiko zentsura mozioaren porrotak argi utzi du Kongresuko egungo indar banaketak ia ezinezko egiten duela bestelako alternatiba eraginkorrik osatzea. Eta egoera horretan ari dira elkar hurbiltzeko saiakera egiten Sánchez eta Iglesias, horren premian daudelako. Inkesten joerek PSOE kokatzen dute bigarren, eta Podemos atzetik. Oraingoz ez da ‘sorpasso’rik gertatuko, eta hori argi izateak, lehia demoskopikoa neurri batean baretzeak, abiapuntuan lagunduko du. Horrek ez du esan nahi, dena den, aspaldiko mesfidantzak berez desagertuko direnik, eta bakoitza elkarrizketotan berearen mesedetan ariko ez denik.

Hala, Iglesias itxura ‘presidentzialagoaren’ bila dabil, aldarrikapen hutsetik botere alternatiba izatera jauzi egin guran. Gaztela-Mantxan gutxi barru osa daitekeen PSOE-Podemos lehen gobernu autonomikoak horretan lagun lezake, erkidego horretako batzuen eta besteen ageriko kontraesanak gorabehera. Sánchez-ek, aldiz, primarioetara bitartean irabazi duen sinesgarritasuna zehaztu behar du, ekintzetara eraman eta bultzagai politiko bihurtu. Bestela, laster itzul daiteke iazko urriaren 1aren aurreko egoerara, PP gailentzeko ezintasunera.

Estrategia

Alderdi bien estrategiek, ezkerreko eta baliagarri agertzeko asmoek, lurralde egiturari dagozkienetan dituzte oztopo nagusietako batzuk. Kataluniari eta Euskadiri zor zaien nazio aitortzan bat datozela ematen duen arren, ez dago argi nola gauzatu nahi duten hori. 1978ko Konstituzioaren balizko erreforma aipatzen denean, askoz zehatzagoa izan behar da, proposatzen den diseinu berria finduta. Orain arte badira adierazpenak, baina horiekin bateragarri diren urratsak falta dira. Kataluniako auzia, esaterako, zailtasunez kudeatu dute alderdi biek, nolabaiteko zubigintzaren alde egin, independentziari ezezkoa eman eta erreferendumaren aurrean zatituta agertuz. Funtsezko gai askotan edukia falta zaie euren proposamenetako askori, lurralde egiturarekin lotutakoei argi dagoenez, baina baita beste arlo batzuetakoei ere, batik bat ekonomikoei.

Denborak esango du zer ematen duten abiatu berri diren elkarrizketek. PPren alternatiba osatzea ezinbestekoa zaie, gutxieneko adostasunak lortu eta bestelako politikak posible direla gizarteratzeko. Orain arte, bat batekoa da nagusi, norbere interesaren arabera bestearengana gerturatzea. Diotena bururaino eramateko ausardia behar izango dute, koherentzia, apaltasuna, elkarrenganako gutxieneko leialtasuna. Baina, oraingoz, gehiago ematen dute marketing politikoan sakoneko aldaketak ahalbidetzeko prozesuan baino.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos