Biktimei gorazarre

Oinarrizko gizatasunezko edozeinek sentitu zituen duela hogei urte larritasuna, amorrua, zirrara eta samina. Miguel Ángel Blancoren erailketak sekulako astindua eragin zuen euskal gizartean, mugarri izaterainokoa

JOSEBA ARRUTI

Norbere bizitzan zerbait benetan erabakigarria jazotzen denean, betiko gordetzen da oroimenean. Ez gertatutakoa bakarrik. Baita horren inguruko guztia ere, zehatz. Ordukoa beste erritmo eta sakontasun batekin finkatzen da. Geldoagoa, sentiberagoa. Atzokoa ematen du beti, ezin hobeto gogoratzen delako. Maila honetakoen arteko berezkoenak norberari edo inguru-ingurukoei oso zuzen dagozkienak izan arren, badira bestelakoak. Denbora geldiarazi eta jendarte zabalerainoko oihartzuna dutenak. Halakoxea izan zen 1997ko uztailaren 12a; 48 ordu lehenago bahitu ostean, larunbat sargoritsu hartako arratsaldean buruan tiroa jo eta ETAk Miguel Ángel Blanco Ermuko zinegotzi gaztea ezin krudelago exekutatu zuenekoa. Zerrenda oso luze bateko beste bat zen, totalitarismoari besteak beste dagozkion muturreko zentzugabekeriaren eta indarkeria gordinenaren azken biktima. Egileei eta horien basakeriak txalotu edo ontzat ematen zituztenei inoiz baino ozenago entzunarazi zien bere arbuioa euskal gizarteak, horietako askoren itsukeria kontraesanez betetzeraino.

Hogei urte joan dira, eta ez alperrik. ETAk 2011ko urrian utzi behar izan zuen bere ekinbide terrorista, zortziehundik gora lagun erail ostean. Herritargoak aspaldi emana zion lepoa, eta gaitzespena adierazia. Tatarrez amaitu zuen inorako bere bidea, atsekabez gainezkakoa. Geroztik, mota guztietako eragileak ari dira iragana ahaztu gabe etorkizuna zume berriz eraikitzeko ahaleginean. Biktima guztiak gogoan hartuta, bizikidetza ahalbidetzeko eguneroko lanean. Molde berriko dialektika politiko eta sozialak ehuntzen eta indarkeriaren aurkako ahobatekotasuna sustraitzen. Sekulakoak pairatu dituen gizarte bati dagokion legez, asko kostatako prozesua da; baina atzeraezinezkoa. Joandakoaren azterketan helduleku partekatu ezin oinarrizkoagoak dituen arren, aurrera begirakoa demokratikoki landu beharraz bat datorrena. Ez da gutxi, duela hogei urteko errotiko haustura, ia aurrez aurreko gatazkarainokoa, gogoan hartuta.

ETAk ezeren truke utzi behar izan zion erailtzeari, mehatxatzeari, txikizioa eta samina zabaltzeari. Gizarte demokratiko batean ohi denez, armen xantaiaren aurrean amore eman barik. Amaiera horretan badago nahikoa osagai urte luzetan indarkeriaren aurka elkarrekin aritu diren alderdien arteko gutxieneko adostasunetarako. Biktimak aho batez aintzat hartzeko, esaterako. Merezi dituzten omenaldiak eskaini eta gogoan ondo gordetzeko, izugarrikeria guztien sinbolo modura oroitzeko. Eta memoriaren gainean etorkizuna eraikitzeko, eskuzabaltasunez, bizikidetzarako gogoz, espiritu kritikoz eta autokritikoz.

Alde horretatik, Miguel Ángel Blancoren azken urteurrenaren inguruan jazo direnetako zenbait etsigarriak dira. Biktimak ezin direlako mailakatu, ez alderdikeriaz baliatu. Horiei gorazarre egiteko modu ezberdinak daudelako. Eta borondate oneko guztiak zilegizkoak direlako. Alderdi Popularrak, baina, berea inposatu nahi izan die han-hemenka gainerako eragile politikoei eta horrek eztabaida antzuak eragin ditu, gai honetan hain oparoa den batasunari kalte egiten diotenak. Lehenago ere estrategia horrekin askotxotan sutu izan du giroa, bere interes alderdikoiak lehenetsi guran biktimenganako gainerako eragileen konpromisoa bidegabeki zalantzan jartzeraino. Ikuspegi bakarra ematen du balekotzat PPk, iraganeko eta oraingo bere ildo politikoarekin estu lotutakoa, ETA amaitu osteko aroa oso modu jakin batean kudeatzekoa. Ez du ñabardurarik onartzen, ez du aurrerabide partekaturik ahalbidetzen, ez dio biktimenganako berea ez den bestelako sentsibilitateren bati aukerarik eskaintzen.

Patrimonializazio gurari hori iraganaren ikusmolde politiko jakin batekin lotuta dago, eta etorkizuna politikoki estu hartu eta mugatzeko asmoarekin. Hala, PPren irudiko, ideologiaz blai egindako bere azterketa zehatzarekin bat ez datozenak epelak dira terrorismoarekin eta horretan jardun dutenekin. Eta, jakina, jazotako guzti horrek aurrera begirakoan ere eragin behar du, burujabetza prozesuan sakontzeko ekimen oro indargabetzeko, batik bat. Trikimailuok aspaldi baliatutakoak dira popularrak, eta azken asteotako zenbait omenalditan berriz nabarmendutakoak.

ETAren eta bere ingurukoen aurkako jardun politikoa oinarrizko baldintza demokratikoen aldekoa izan da, giza eskubideak errespeta zitezen aldarrikatzekoa, gutxieneko betebehar etikoak lehenestekoa. Hortik aurrera, biktimei elkartasuna adierazi eta babesa ematekoa. Ez ildo politiko jakin bati edo momentuan momentuko alde bateko estrategiei men egitekoa. Anitza eta askotarikoa izateak eman dio indarra erakunde terroristaren aurkako luzaroko borrokari, azkenean dagoenera eraman duen horri.

Duela hogei urteko ankerkeriaren eta hainbat hamarkadatan jardun demokratikoa eragozteko jazotakoen aurreko erantzun eraginkorrena eta indargune nagusia batasuna izan da. Berorren osagai izandakoen egitasmo politikoak auzitan jartzen ez zituena. Muinekora mugatzen zena, indarkeriaren gaitzespenera, biktimekin bat egitera eta bide demokratikoen defentsara. Horregatik, hortik aurrera berea gainerakoei inposatu nahi diena oker dabil. Miguel Ángel Blanco eta bera bezalako beste biktima guztiak denonak diren neurrian direlako gizarte oso baten sinbolo, indarkeria zitalenaren aurkako ikur. ETAri buruzko erabateko arbuiotik abiatuta batasun hori ahalbidetzen duten sentsibilitateak denak direlako errespetagarri, aberasgarri.

Iragan beltz horrek etorkizuna gogotsuago eta hobe eraikitzeko ikasgaiak ditu; sekula ahaztu ez eta, besteak beste, biktimen oroimenaren bitartez landu beharrekoak. Ondorioz, azken hauek politikoki xaxatzeko erabili eta euste-horma modura baliatzen dituztenek ez dute ezertan laguntzen, ez dute aurrera begirako ekarpen baliozkorik egiten.

Fotos

Vídeos