enkarterri, bizirik

Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Latz ari da krisia Enkarterri astintzen, alarma gorri guztiak pizteraino. Zenbait enpresa garrantzitsuren kinka larriak areagotu du berez aspaldikoa den kezka. Diagnostikoak txarrera baino ez du egin aspaldion, eta mobilizazio instituzionala gero eta nabarmenagoa da. Udal mailako ekimenek goragokoen babesa izan dute lehenago ere, baina orain bestelako abiadura hartu dute eskualdearen egoera ekonomikoari, eta horrekin estu lotuta sozialari, irtenbideak bilatzeko saiakerek.

Bizkaiko mendebaldea bertatik abiatutako hainbat eskaerari dagozkien erantzunen zain dago, behin betiko bazterrean ez geratzeko, egungo itolarria akabora artekoa izan ez dadin. Ondorioz, albait arinen findu beharko dira horretarako estrategiak; premiazko egoeran dagoenak, estuasunik astunenak jotakoak, ezin baitu luzapenetan ibili. Eskualdearen zein lurraldearen beraren kohesioa babesteko esku hartze koordinatua ezinbestekoa izango da, ez baitago hori baino tresna eraginkor eta ongarriagorik.

Ez da aukera, beharra baizik. Hori diote datu hotzek. Iazkoa amaitzerakoan, esaterako, Enkarterri zen Euskal Autonomia Erkidegoan langabezia tasarik handiena zuena; eta, gutxi balitz, han baizik ez zen igo 2016an. Zehazki, biztanleria aktiboaren %19,1etik %19,6ra: 2.994 lagunetik 3.051ra. Geroztik, egoerak ez du hobera egin. Alderantziz. Enpresa gehiagoren hilzoriak eraman du eskualdea hedabideetara, horietako askoren nahi eta ezinak.

Aldundiak eta alkateek industria pizten saiatzeko plan bat adostu berri dute eta, ildo horretatik, hainbat eragile bilduko dituzten bi lantalde ariko dira, Jaurlaritza eta hainbat aditu ere bertan izanda. Lehenak jarduera ekonomikoarekin eta enpleguarekin lotutako proposamenak bideratuko ditu, eta besteak azpiegiturak eta zerbitzu publikoak izango ditu hizpide.

Hain atzetik datozen arazoak, soka luzekoak, elkarlan ahalik eta zabalenarekin baino ezin dira zuzendu. Badago borondate politikoa, eta bertoko erakundeek badituzte baliabideak urratsak egiteko. Ez dago itxaropena galtzerik, beraz; nahiz eta gaurkoz Enkarterriko hainbat bizilagunen egunerokoa garratza izan. Bizkaiak bizi-bizirik behar du mendebaldeko bere muturra. Eta ahalegin guztiak eta bi egin behar dira horretarako. Etenik gabe.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos