deskonexioa

Nik beti pentsatzen dut autobusaren alderik onenean joaten garela

Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Durangoko Azokara eramaten nauen lineako autobusak Galdakaoko ospitalean dauka geldialdi bat. Bertan, kezka aurpegia eta keinu serioa duten pertsonak jaisten dira. Gehienek Durangoraino jarraitzen dugu, pozik, jai-giroan. Nik beti pentsatzen dut autobusaren alderik onenean joaten garela. 'Libratu dugu', esaten diot neure buruari errepidea hartzen dugunean, ospitalea atzean utziz. Istant batean, kirofanoen errealitatea eta itxarongelen tentsioa gertu sentitu dugu, baina Landakoko pabiloira heldu baino lehen, erosiko ditugun liburuek eta Durangoren erdigunean egingo dugun parrandak arduratu gaituzte. Ondo gaudenean, hain ondo ez dauden zirkunstantziak erraz ahazten ditugu.

Orain, udaren logikan sartuta gaude: hondartza, siesta, terraza. Urtean zehar hamaika istorio jasan dugu eta deskantsua datorkigu, merezia erabat. Deskonektatzeko beharra seinalatu dute adituek aurten ere. Beraz, itsasertzean etzanda gaudenean, itsas brisaz laztanduta, ez gaitu kezkatzen nolakoa izango den muturreko itsasertzean bizi direnen errealitateak. Txiringito batean jesartzen garenean arroza jateko prest, ez dugu pentsatzen sukaldatzen daudenen egoera zein den, eta gaueko ordu txikietan zarata ateratzen ote dugun kalean, ez dugu auzotarrengan pentsatuko. Horrela gara, Epikuro bat daramagu guztiok barruan. Hori guztia dela eta, badaude errealitate desatseginagoak ere udatiarrei hurbilarazi behar zaizkiela pentsatzen dutenak. Odola ematea, esaterako, garagardo bat edatea baino deserosoagoa da. Alabaina, udan ere odola behar da. Udan ere, geure errealitatetik urrun, ospitaleek funtzionamenduan diraute; udan ere, zoritxarra zorrotz. Hala ere, abuztuan odol emateak izugarri jaisten dira.

Beraz, odola emateko unitate ibiltariak ikusiko ditugu udaldi lekuetan: Plentzian, Sopelan, Deban, Zarautzen edo Guardian. Geure paradisuetan sartuko dira, beste batzuek infernu bat pairatu ez dezaten.

Laburbilduz, deskonektatzea komenigarria da, baina ez zaigu ureztatuko gintonika tartetxo txikietan gu bezain ondo ez daudenen errealitatearekin konektatzeagatik.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos