benetako ongizatea

Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Erakundeek egin dezaketen lanik jasoenetakoa aukera gutxien dutenei laguntzea da. Baliabide urrienekoei. Zentzu guztietan. Maila materialean zein bizitzaren egunerokoei aurre egiteko moldatu ahal izaterakoan. Ezintasunak jatorri askotakoak izan ohi direlako, diruak inposatutakoak zein norbere gorputzaren mugen ondoriozkoak. Joera sozial hori duenak, gizartearen ekarpenen eraginezko bitartekoak egoki banatzen dituenak, asko aurreratuko du gizartea trinkotzeko, elkartasuna edukiz betetzeko. Eta horrexek emango dio edozein kudeatzaile publikori egindako lanaren benetako neurria.

Ahaleginok gizabanako zehatzei egiten diete mesede, bateko honi eta besteko hari, oso oinarrizko aukerarik gal ez dezaten. Edonorentzat ezin ohikoago direnak egiterik ez dutelako. Uda sasoi honetan, adibidez, hondartzaz zeharo gozatu ahal izatea. Helburu horrekin abiatu da beste behin ‘Hondartza denontzat’ deritzan ekimena, Bizkaiko Aldundiak, Bidaideak-ek eta BBK Fundazioak sustatuta euren kabuz mugitzeko gai ez direnak hareatzetara eramatekoa. Guztira, 23 monitore ariko dira irailaren 3ra bitartean Arrigorri, Ereaga, Plentzia, Gorliz, Laidatxu eta Isuntzan.

Beharbada, honelako zerbaitek txikia eman dezake erakunde baten jardunean. Baina ez da. Pertsonak ardatz dituelako, babes eta bultzada gehien behar dutenak. Horiei begirakoek osatzen dituzte bestelakoak. Elkarren beharra duten herritarrez osatutako gizartean bizi garelako, eta ahulenak ezin direlako baztertu. Hurkoa aintzat hartze horrek, hari begirako egitasmo eta egitateek osatzen duten sarea delako gizartea. Eta horretan Bizkaiak badu zertaz harro egon.

Bide hori zapalduaz egin da. Politika sozialak betebehar instituzionalaren ezinbesteko osagai bihurtuz, ekarpenak bakoitzak daukanaren arabera partekatuz. Horrek egiten ditu posible pertsona askorentzat ezinbesteko diren hainbat urrats. Duin bizi ahal izateko, norberari dagokion lekua ez galtzeko, gizatalde baten parte sentitzeko. Horretaz jabetzeko ez daukanaren lekuan jarri beharra dago. Elkartasuna, edozelangoa, atzeraka ari denean, inoiz baino gehiago aldarrikatu behar da. Goitik beherakoa, zeharkakoa, era guztietakoa. Ongizate benetakoenaren iturburu delako. Hainbat gertaera miragarri ahalbidetzen dituelako. Xumeenean, itsasoaren ferekak sentitu ahal izatea. Besteak beste.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos