Aurrez aurre

Harizpetik

Begirale gehienek aspaldion hainbestetan iragarri legez, Kataluniako auziak gainezka egin du azkenean. Ia aldi berean Parlament-ak Errepublika aldarrikatu eta Senatuak Konstituzioaren 155. artikulua indarrean jarri izanak muturrera eraman du bertako gatazka politikoa

Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Azkenerainoko sinkronizazioak inoizko agerien jarri du egindako mugimendu guztien osteko ariketa estrategikoa. Alde batek berehala jaso izan du bestearen erantzuna azken hilabeteotan. Behin eta berriz. Egutegia estututa ere, batzuetan. Independentziaren alde bakarreko aldarrikapena, esaterako, lehenago egiterik bazegoen, baina Espainiako Gobernuak Kataluniako agintaritzan esku hartzen zuenerako utzi da. XXI. mendean irudiak dena balio du, areago nazioartera begirakoetan. Horren jakitun izanda lehiatu dira independentziaren aldekoak eta aurkakoak, baina sakoneko arazoak hortxe dirau, konpondu barik.

Praktikan, indar orekak etengabeko berdinketa politikoa eragin du Katalunian. Errepublika aldarrikatzeko bai, baina egunerokoan berori bururaino eramateko ez du gehiengo nahikorik alde batek. Eta bestea, aldiz, gutxiengoa da bertako gizartean. Horregatik, kanpotik esku hartu behar izan du, demokrazia orotan hurbileneko legitimitateari lotuta horrek eragiten duen kontraesanaren zamari eutsi ezinik. Erdibidean edo, En Comú-Podem geratu da, erabaki eskubidearen alde eta independentziaren aurka agertuta. Bartzelonako alkatetza euren esku egoteak adierazten du balantzak edozein aldetara nabarmen egiteko duen zailtasuna. Hiriburuaren pisu demografiko eta soziala aintzat hartuta, zeharo esanguratsua da bide propioa jorratzeko bertako udalak azaldu duen asmoa.

Hauteskundeak aurreratzeko Puigdemont-en asmoa jakin zenean, ERC-k Govern-etik alde egiteko mehatxua ezagutarazi zuen, eta CUPek traizioa iritzi zion aukera horri

Izan dira honainokoa eragozteko saiakerak. Baita azken ordukoak ere. Horren ondoriozkoak dira osteguneko Puigdemont-en zalantzak. Hedabideen aurrean agertzeko deialdia bi aldiz utzi zuen bertan behera, hauteskundeak aurreratzeko asmoa 155. artikulua indarrean ez jartzeko konpromisoarekin lotu ezinda. Berehala nabarmendu ziren urrats horrek independentziaren aldeko blokean eragin zitzakeen ondorio zatikatzaileak. ERC-k Govern-etik alde egiteko mehatxua ezagutarazi zuen, eta CUPek traizioa iritzi zion aukera horri. Atzamarrak kontrolatu ezinik edo, Twitter bidez PDeCAT-etik alde egingo zutela iragarri zuten bi parlamentarik. Azkenean, aldiz, presidenteak hasierako bide orria lehenetsi zuen, Parlament-ak alde bakarreko independentzia aldarrikatzekoa.

Prozesu honen azken txanpan zalantzak sarri agertu dira. Alde bietan, ziurrenik. Azken urratsa egitekoa, alde batean, eta 155. artikulua zein neurritan indarrean jartzearen ingurukoa, bestean. Egoera erabakigarria zela bazekiten, abiapuntuko indar oreka beharbada hausterainokoa. Tentuz ekin diote, bada. Elkarrizketaren aldeko dei formalen gainetik, dena den, aspalditik zetozen inertziak gailendu dira, aldeak areago urrunduta. Horren ondorioak itzelak izango dira, maila politikoan, sozialean, ekonomikoan, pertsonalean eta bestelakoetan. Ez da modurik izan bere etorkizunaz erabakitzeko Kataluniako gizartearen gehiengo zabal baten gurariaren inguruko adostasunik erdiesteko, eta agertoki okerrena da oraindik aurrerakoa.

Zenbait gabezia nabarmen

Independentziaren aldekoek zenbait gabezia nabarmen izan dituzte prozesu osoan zehar. Horien arteko nagusia izan da azken hauteskunde autonomikoetan bozen gehiengo osoa ez lortzea. Parlamentukoa ahalbidetzeko ere CUP ezinbesteko izateak guztia baldintzatu du, Artur Mas-ek presidentetzan ezin jarraitzea edo PDeCAT zein ERCren gain ezarritako kontrol estua, esaterako. Ziurrenik, bloke hori zabaltzeko, aberasteko eta zeharkakoago egiteko aukerak ere eragotzi edo zaildu ditu nolabaiteko tutoretza horrek. Bidean, zenbat eta muturragora jo, zenbat eta apustuan irmoago jokatu, PDeCAT ahultzen joan da, Convergència zenak Kataluniako nazionalismoan luzaroan izandako nagusitasunetik bere ondorengoaren gaur egungo eskastasunera jauzteraino. Beste hainbat faktorek horretan eragin dutela ukaezina da, tartean Pujolen garaiko ustelkeria kasuek, baina honako prozesua erabakigarria izan da ERCren mesedetan bigarren mailako bihurtze horretan.

Beste aldean, Ciudadanos izan da gogorrena, zubi guztiak haustearen aldekoa. Riveraren alderdiak Espainiaren uniformetasunaren alde jo du sutsu sorreratik, demagogiaz diharduten gidaliburu orotan oinarrituta. Aniztasuna deuseztu gura horrek bideraezin egingo lituzke aspaldi bateko oinarrizko adostasun guztiak; Katalunian eta Euskal Herrian oso bereziki guztia kolokan jartzeraino. Ezin arduragabeago jokatu dute honakoan ere, euren benetako aurpegia erakutsita. Sozialistak, aldiz, nolabaiteko zubigintzan saiatu dira noizean behin, baina Estatuarekin estu lerrotuta. Sánchez-en estilo berriak eta nazioaniztasunaren aldarrikapen formalak hainbat muga, itzal eta ezintasun ditu, oraingoan oso agerian geratu direnak.

Senatuak 155. artikulua indarrean jartzeak ez du babes nahikorik jomuga duen gizartean

Senatuak 155. artikulua indarrean jartzeak ez du babes nahikorik jomuga duen gizartean, eta hori ez da edonolako hutsa. Horren jakitun deitu ditu hauteskundeak albait arinen Rajoyk, horiek zerbait zuzenduko dutelakoan. Baina auziak bere horretan jarraituko du, gero eta gordinago eta menperaezinago. Denbora asko alperrik galdua da Gobernuko presidentea, elkarrizketarako hainbat eskaerari muzin egindakoa. Eta, orain, bestelako eskemen arabera ekin beharko dio nahitatez. Konstituzioa lurralde egiturari dagokionean aldatuta, nazio izaerako erkidegoen aitortzari buruzkoetan sakonduta eta hasteko Kataluniari aparteko eskaintza politikoren bat luzatuta. Bestela zurrunbiloa areagotu besterik ez da egingo, egungo Estatu ereduaren josturak goitik behera hausteraino.

Nazioarteak ez du Kataluniako Errepublika aintzat hartuko. Izango da kasuren bat akaso, baina nahikoa izatetik urrutikoa. Hala ere, Europako Batasunak eta bestelako eragile nagusiek elkarrizketa baliatzea eskatu diote Rajoyri, sakoneko arazo politikoa demokratikoki bideratzea. Orain artekoak ez du horretan laguntzen. Baina inoiz ezin da berandu izan. Kataluniako independentistekin negoziazio mamitsu bati ekin beharko dio, ezinbestean. Horiek erdia direlako gizarte horretan, bere etorkizunaz erabakitzeko funtsezko. Zenbat eta arinago hori onartu, hobeto. Herritarren borondatetik at ez dagoelako hangoa konpontzerik, are gutxiago kanpoko esku hartzeen bidez. Hori bete-betean aintzat hartzea abiapuntu ezin hobea litzateke oraingo blokeo latza gainditzen hasteko.

Fotos

Vídeos