Atzekoz aurrera

JOSEBA ARRUTI

Urteak betetzeak halako perspektiba bat ematen du. Ia konturatu gabe. Beldurtzerainokoa. Ziztu bizian joandakoa jada aurretik geratzen dena baino gehiago izan daitekeenean, esaterako. Gazteak gero eta urrunago sumatzen dira; eta horien erritmoa ez galtzen ahalegindu arren, ia alperrik. Norbere haurtzaro eta nerabezarokoak egungoekin alderatzen hasita, sekulako distantzia antzematen da. Orain bizitzaren loraldian daudenei dagokien guztia behar bezala identifikatu eta ulertzeko zailtasunak izateraino.

Antzeko zerbait gertatzen da askotan gurasoen eta seme-alaben arteko harremanekin. Garai batean, etxeko giroa aurrerakoiena izan arren, bazegoen halako distantzia bat batzuen eta besteen artean. Aginpidea norena zen argi zegoen: aita-amarena etxean, eta maisu-andereñoena ikastolan. Ez zegoen horri aurre egiterik, munduko maitasun handienekoa izanda ere harreman horretan arauak zorrotzak zirelako.

Baina aspaldi hasi zen guzti hori, neurri batean, kolokan jartzen. Eta duela lauzpabost hamarkada ezinezko ematen zutenak azaleratzen: uste baino seme-alaba gehiagok gurasoen aurka jotzen dute, bortizkeria baliatuta. Adibide argigarri modura, azken lau urteotan, Bizkaiko Foru Aldundiak 348 adin txikiko erasotzaile artatu ditu. Ez da edozer, ez da anekdota moduko tantatxoa. Askoz gehiago da, zeharo larri eta kezkagarriagoa.

Hala, duela lau urte 70 mutiko-neskato hartu zituzten zerbitzu publikoek, eta 82, 96 eta 100 segidakoetan. Estatistikek diotenez, gatazkatsuenak gizonezkoak dira (%71), 14-18 urte bitartekoak (%73), gurasoekin bizi direnak (%88), eta seme bakar edo nagusi zein bigarrenak. Gehienek indarkeria fisikoa eta psikologikoa baliatzen dute aita-amaren aurka, bizikidetza ezinezko egin eta egungo gizartean egon badagoen arazo zaurgarri bat nabarmentzeraino.

Honelakoetan adituek hitz egin behar dute, ez kazetari orojakitunek. Baina auziak belaunaldien arteko harremanetan gero eta muga gutxiagokoa den gizarte batekin zerikusia baduela ematen du. Oztopoak eta frustrazioa irensten eta kudeatzen ez dakiten gazteekin. Izan ere, norbere erreferente behineneko eta absolutuenetakoak erasotzea hainbat gabeziaren seinale da. Ez maila materialekoena, pertsona horien oso-oso barrukoena baizik.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos