19aren zain

Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Abuztuaren hasierero halako huste bat antzematen da Bilbon. Urtean zehar kaleak betetzen dituztenek oporretara jotzen dute, lana eta hiria bera bazter uztera. Izan ere, hiriburua ez da edonolakoa, erritmo bizi eta bizi erritmo handikoa baizik, oharkabekorik bakoa. Horrek, jakina, jasotzea eta ematea dakar, alde bien arteko trinkotze grinatsu bezain muturrekoa. Noizean behin urruntzea eskatzen duen horietakoa, ezin erakargarriago direnetara heldutakoan berorren falta sumatzeko besterik izan ez arren.

Abuztuak berea eman aurretik, baina, Bilbok dagokiona berreskuratzen du. Eta ez nolanahi. Aste Nagusia da ohikoari atea zabaltzen diona, aparteko jendetza bildu eta arnasberritzeko aukera emanda. Jendearen parte hartzea da jaion gakoetakoa, besteengandik bereizten dituena. Ekarpen herrikoia leku gutxitan da hain nabarmena, erabatekoa, funtsezkoa.

Haatik, ez da horrela beti gertatu. Izan ziren festa hotzagoak, urrunagokoak, goitik beherakoak. Askatasunak ekarri zuen eredu aldaketa, Udalak eta bestelako hainbat eragilek abian jarri eta sendotutakoa. Eta horri esker da Aste Nagusia benetan nagusi, bilbotarren beharrei erantzuten dielako, herri txikietakoak bezain sustraitua izatea lortu duelako.

Hamabosta falta dela, hasi da Marijaiaren agerpenari begirako ikusmina. 19tik aurrera astebetean ahitzekoa den atsedena hartzeko sasoia. Urtero legez, ekitaldiz beteta dator asterik urratzaileena, denona izateko bere betiko bokazioari erantzun nahian. Jaiak ez baitira diru kontu soila, hiriaren izaeraren isla ere badirelako, bertoko herritarrek bizitzari aurre egiteko duten moduaren laburbilduma.

Eta horretan, beste askotan bezala, Bilbo ez da bat gehiago. Ez kirol arloan, futbolean batik bat, ez kultur eragiletzan, ez bizitasun ekonomiko eta sozialean. Aste Nagusira baino ez datorrena ere laster jabetzen da horretaz, bertokoa baino ez den halako giroaz. Txupinaren jaurtiketatik Marijaia sutan desagertzeraino nabarmentzen da bilbotartasun hori, edonori begirako goi mailako jokamolde zibikoa. Oso aspalditik kanpora begiratzetik berea etengabe jantzi eta aberastu duena. Duen tamainaz oso gaindiko izena eman eta, finean, gaur egun dena izaterainoko aukerak ezin hobeto baliatzeko kemenari eusten diona.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos