Borrar
Idoia Mendia.
Zehazteko sasoia

Zehazteko sasoia

Bor-bor dabil EAEko hauteskundeetarako kanpaina, alderdien arteko lehia bizian. Inkestek alde handia ematen diote EAJri, eta bigarren izatekotan estu sailkatzen dituzte EH Bildu eta Podemos. Egunotakoek ezezik azken urteotako ibilbideek zehaztuko dituzte joera horiek

Joseba Arruti

Lunes, 12 de septiembre 2016, 00:39

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Indar erakustaldi handia egin zuen EAJk aurreko zapatuan Bilbon, Doña Casilda parkean. Sasoiko daude jeltzaleak, lanak garaiz egin eta azterketara konfidantzaz aurkezten direnen antzera. Iñigo Urkullu lehendakaria hautagai sendoa da, duen maila instituzionala erakutsitakoa eta 27 legebiltzarkideren babesari etekin ezin handiagoa ateratakoa. Azken lau urteak ez dira samurrak izan, ez maila ekonomikoan eta ezta gainerakoetan ere. Indarkeriaren amesgaiztoa gaindituta, bestelako hainbat erronka pilatu dira Jaurlaritzaren egitekoen artean, eta bateko eta besteko aliatuak bilatuta egin zaie aurre guztiei. Esperientzia hori baliatuta, ondare horri eutsita, erabat aletutako programa aurkeztu diete hautesleei, errealitatearen irakurketa neurtuaren araberakoak. Ohikoan berea izan den bidetik jo du EAJk, eta 2012ko emaitzak errepikatu eta hobetzeko aukera emango dio horrek, gainerako alderdi gehienak estu eta larri dabiltzan artean. Baina legebiltzarkide bakar bateko aldea oso garrantzitsua izan daiteke legealdi berrian, eta hautestontziak itxi arte denek eman beharko dute dena azken orduko ezusteko mingotsik ez izateko.

Hauteskunde orokorrak duela hiru hilabete eskas egin ziren arren, oraingoan emaitzak oso ezberdinak izango direla diote plazaratu diren inkestek. Eta Podemos izan daiteke kaltetuena, orduko garaipenetik hirugarren izatera igaro liteke eta. Espainia mailan ezkerretik abiatutako aldaketa sakona nahi duten euskal bozemaile askok Pablo Iglesias-en alde egin zuten ekainaren 26an, baina jokoan dagoena bertokoa denean moreek behera egiten dute nabarmen. Sorpassoa gauzatu ez eta ondorioz eragiteko ahalmena galdu izanak kalte egiten die Pili Zabalaren aukerei, jakina, baina baita honen bata bestearen atzeko zalantzek eta koalizio barruko bertoko zatiketek ere. Funtsezko gaietako askotan hautagai nagusia ez da argi mintzatu, ordezkatzen dituenen antzera. Podemos-ek EAErako eta orohar Euskal Herrirako egitasmo zehatzik ez duela ematen du askotan, eta bat-batean ari dela, barruko iritzi ezberdinak bateratu ezinik. Arlo sozialari ematen dioten garrantzia ukaezina da, eta hori saritu dute bozemaile askok, baina errealitatean oinarritutakoak barik sarritan borondatezko proposamenak eginez. Espainian dagoen ezinegon sakonak aukerak eman zizkien Iglesias-i eta bere jarraitzaileei azken bi hauteskunde orokorretan, baina EAEn bertoko gobernuarekiko dagoen pertzepzioa zeharo ezberdina da, eta askoz zailagoa zaie iraulketaren ideia defenditzea. Nondik jo jakin ezinik daudela ematen dute behin baino gehiagotan EAEko Podemos-eko buruzagiek, eta hori inoiz baino nabarmenagoa da osatu beharrekoa Eusko Legebiltzarra denean.

EH Bilduk, aldiz, gora egin dezake ekainaren 26ko emaitzekiko, ordukoak eta abendukoak negargarriak izan zirela aintzat hartuta. Ondorioz, ez du duela lau urtekoa berdintzerik izango, ezta Otegiren parte hartzearekin ere. Auzitegietan honen hautagaitzari buruzkoak argitu ostean, ikusteke dago nola kudeatuko duen koalizioak hutsune hori, eta egunerokoan zer nolako disfuntzioak sor daitezkeen Sortuko idazkari nagusia legebiltzarkide ez izatearen ondorioz. Podemos-i aurrea hartzeak berez ona izango ez dena onargarri modura aurkezteko aukera eman diezaieke koalizioko buruzagiei, baina dagoeneko oso argi dago gaur egun EH Bildu ez dela EAJren alternatiba erreala, ez duela horretarako indar nahikorik. Eta ETAk armak behin betiko utzi zituenetik bost urte igaro eta gero, hori ez da kolpe makala. Bakearen arorako ezker abertzaleak zituen aurreikuspenak ez dira bete, aurrera egin beharrean atzeraka ari delako. Indar metaketaren aldeko aldarrikapen nahasiak eginda gainditu nahi omen du egoera hau, EAJ ikuspuntu abertzaletik ahalik eta estuen hartuta, baina estrategia hori oso zaharra da, antzua, sinesgarritasunik gabekoa.

PSE-EEk eta PPk, ostera, nahikoa dute euren egoerari aurre egitearekin. Lehenak oso baldintzatuta daude Madrilen jazotzen direnekin, eta jarrera eskizofreniko samarra ari dira erakusten berton. EAJren sostengu izan dira momentu erabakigarri askotan, eta gobernukide dira aldundietan eta hainbat udaletan, baina aldi berean oposizio sutsu antzekoa egin nahian dabiltzala ematen du, jeltzaleengandik erabat bereiztu guran. Gutxi balitz, zatiketa sozialerako halako arrisku antzeko bat salatzen ari dira, horrelakorik ez dagoenean. Arlo sozialetik jotzea litzateke logikoena baina, beharbada, mugako hautesleen artean horretan Podemos sinesgarriagoa da.

Bitartean, Soriarenaren eta antzeko kasuen aurrean egin beharrekoan asmatu guran dabiltza Alfonso Alonso eta EAEko PPko bestelako kideak. Giro horretan, bizirautea eta eragiteko gaitasun apurren bat izatea ez da edozer. Abiadura Handiko Trenaren inguruan, bertoko lan publiko handienari dagokionean, esaterako, Madrilgo gobernua ez da ari bere konpromisoak betetzen. Eta zaila izango zaio Alonsori gildak banatzeko bere food truck-ean Mariano Rajoyk Euskadirekiko erakutsitako enpatia materialaren adibide asko jartzea. Banderen nahasketa multikolorea ez da nahikoa atzean dagoenak utzikeria baino islatzen ez duenean. Hitzen eta errealitatearen arteko kontrasteak ez dio popularren lehendakarigaiari batere lagunduko, eta litekeena da irailaren 25az geroztik berriz ere ahalik eta arinen Madrilera joan nahi izatea, hemengo porrota ez baita edozelangoa izango.

Hurrengo legealdiak anitza izan beharko du ezinbestean, baina EAJren buruzagitzapekoa. Egoera ekonomikoa behin betiko zuzentzea eta estatus berriaren eskutik jauzi berri bat egitea izango dira erronka nagusietakoak. Denen ekarpena behar izango da horretarako, betorik gabe, euskal herritarren gehiengo zabalaren babesa lortzea helburu. Posible izan behar du. Gainerako alternatiba guztiak dezente txarragoak direlako, besteak beste.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios