Live festival

Roberto Moso
ROBERTO MOSO

Musika jaialdi erraldoiak amestuz, mitifikatuz hazi nintzen. Ezin ahaztu 'Isle of Wight' izeneko singlea behin eta berriz nire tokatan bueltaka: «Isla donde llegó la juventud/ Para cantar al mundo entero su verdad/ Con el equipaje de su amor/ Sin mas deseos que encontrar las flores de la libertad».

'Kerouacs' izeneko talde misteriotsu batek jotzen zuen, nahiz geroago Michel Delpech abeslari frantsesaren arrakasta baten moldaketa zela jakin nuen.

Gogoan dut nire burua 'Woodstock' jaialdiari buruzko pelikula ikusten, San Pablok sutea ikusiko lukeen bezala. Joan Baez bere senarra, Vietnameko gerrara joateari uko egiteagatik preso zegoena gogoratuz; Santana taldea jendetza artean eromena zabaltzen, oihaneko musika basati haren bidez; Jimi Hendrix Estatu Batuen ereserkia metrailaz eta bonbaz josten; milaka eztarri «no rain, no rain» zeruari oihukatuz eta gero lokatza artean umeak bailiran jolasten... arraioa, nik han bertan egon nahi nuen. Zinema-aretotik irtetean, igande arratsaldeko 1976 estiloko familiaz beteta zegoen kalea. Ongi etorri benetako mundura.

Hamarkada horren azken txanpan, hasi ziren lehenengo musika jaialdiak antolatzen, Pirinioetatik behera. Kataluniarrak, beti Europatik hurbilago, hasi ziren 'Canet Rock' jaialdi mitikoarekin. Geroago Burgosko zezen-plazan saiatu ziren beste antzeko ekitaldi bat antolatzen. Bertoko prentsak haraino heldu ziren erromesei, lerro-buru historiko batekin egin zien harrera: «Llegó la Cochambre».

Laster, Euskal Herrian ere lehenengo saiakerak ezagutuko ziren: 'Lekeitio Rock Gaua', 'Haixerrotako Jaialdi Antinuklearra', 'MAKRO festibala', 'B.A.R', 'Rockazoka'... Meritu handiko ekimenak ziren horiek, baina nekez lortzen zuten behar zen jarraipena.

Horietako batzuetan hartu nuen parte, batzuetan oholtza gainean. Segidan ohartu nintzen: horrek ez zuen nire ametsetako jaialdiekin inongo zerikusirik. Harrezkero argi daukat: musikaz gozatzeko behintzat, ez dira nire formaturik egokienak.

Kontzertu batek bere iraupena eta bere 'liturgiak' dauzka. Nahiz eta zure gogoko talde guztiak jaialdian egon, inork ez du hamazazpi kontzertuz ederki gozatzeko ahalmenik.

Gainera, festibaleko ekitaldi guztiak antolatzeko beharrak 'coitus interruptus'ak errazten ditu, konparazioa onartzen bazait. Behar den moduko ekitaldi luzea bermatua daukaten bakarrak kartel-buruak izaten dira. Ordurako burua dezibelioz beteta egoten da, giharrak jota daude eta urdailak gazta eta solomo-bokata garestiegiak birrintzen nekez jarduten du.

Batzuetan nahiko ospakizun arrakastatsuak lortu ziren, normalean aldarrikapen sozio-politikoekin loturik (Martxa eta Borroka, Korrika-jaia, AEKanpada...), eta azkenean, milurteko aldaketarekin, jaialdi erraldoi batzuk gurekin bizitzera geratu dira: besteak beste, Azkena Rock Festival, Euskal Herria Zuzenean eta nazioarte mailan ezagunena 'Bilbao BBK Live'. Gehienetan antzinako epika hura guztiz desagertu da. Hipoteka kobratzen dizun erakunde bera antolatzailea izan daiteke eta publizitatea nonahi agertzen da.

Hori bai, urtez urte ondoko mendian The Killers, Radiohead edo Perl Jam tankerako izenak ohikoak bihurtu izana berri ontzat hartu behar da. Hiri bat mundu mailan gertakizun kultural bategatik ezaguna izatea ez da ez txakurraren kaka.

Baina nik aretoko ekitaldiak nahiago ditut. Neurri kontu bat, besterik ez.

Fotos

Vídeos