Borrar
Patxi Zubizarreta.
«Erantzuna literaturan bilatu nahi duten gazteak, umezurtz»

«Erantzuna literaturan bilatu nahi duten gazteak, umezurtz»

Patxi Zubizarreta Idazlea. Ordiziarrak liburu berria du –'Erantzuna haizean dabil'– eta hori aitzaki sendoa da beragaz solasaldi interesgarri bat eukitzeko

JOXEME LÓPEZ DE ARANA

Sábado, 20 de mayo 2017, 01:17

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Patxi Zubizarreta (Ordizia, 1964) formatu berriekin etengabeko esperimentazioan dabilen idazlea da. Obra zabal baten jabe, adin guztientzako irakurleentzat idatzi du. Ahozkotasunaren magiaren aldarria egiten du, bere liburuen bitartez ez ezik, han eta hemen emandako errezitaldien eta ikastetxeetara egiten dituen bisitaldien bidez ere. Literatura-denboraldi honetara ere beste liburu bat besapean dator, 'Erantzuna haizean dabil'. Hala ere, egungo literaturaren egoeraz hitz egin nahi izan digu.

Helduentzat idazten hasi zinen; gero, haur literaturan punta-puntako idazlanak argitaratu zenituen. Baina irudipena dut bien arteko mugalari lanetan sentitzen zarela erosoen, gazte helduentzako eta heldu gazteentzako lanetan: 'Gizon izandako mutila', 'Eztia eta ozpina', 'Atlas sentimentala', 'Mundua lo dagoen bitartean', 'Laranja bat zaborretan', 'Erantzuna haizean dabil'

Agian arrazoi duzu, baina hara non niri generorik zailena iruditzen zaidan. Adin tarte horretako literaturari bidegurutzekoa esaten zaio eta ni zahartuegi sentitzen naiz haientzat idazteko, urrunegi, alegia. Nahi nuke, baina ezin, ezin edo Hainbeste aldatu da bizimodua, hain desberdinak dira gure erreferentziak, hizkerak berak! Haur eta nerabeentzat oso lan ederrak daude, benetan erakargarriak arrunkeriaren erdian, hezkuntza estetikoan bidelagun apartak, iparrorratzaren lana eskaintzen dutenak, baina gazteak umezurtz sumatzen ditut, ez nerabe ez heldu, eta idazleon eskaintza arrotza, artifiziala, merkantilla Oso gogoan dut Gasteizko Unamuno institutuan irakurritako grafiti hau: «Burua txoriz beteta daukadala diozue, egia da, baina zuen kaiolak baino nahiago nik». Hori idatzi zuenak arrazoi zuen, eta sujerentzia, probokazio ahalmen ikaragarria, inbidiagarria, baina esanguratsua da: grafitiak ez zuen askorik iraun.

Institutua aipatu duzu eta irakasleek bitartekaritza lan ederra egin dezakete

Jakina, baina halako axolagabekeria-giro batean ez dute erraza. Bitxia da: eman dezagun 'Ibrahim jauna eta Koranaren loreak' narrazio liluragarria, frantsesez helduentzat argitaratu zen, eta euskaraz gazteentzat. 'Gizon izandako mutila' bidelapurren istorioa, nik Meriméeren 'Carmen' nobela klasikoan oinarritu nuena adibidez, gazteentzat argitaratu zen, baina biak ere prehistorikoa gerta daitezke: hizkera, mundu ikuskera Hala ere, irakasleak konplize direnean, mirariak gertatzen dira eta klasikoekin berriro ere gozatzen has gaitezke. Benetako irakurketa asaldagarria da, zirrara eragin behar du, eta aitortuko dizut gazteentzako lan asko bideratuegi iruditzen zaizkidala, baita zentsuratuegiak ere.

Idazkera funtzionala

Zure lan gehienei ahozkotasuna darie, ekialdekoa zein bertakoa.

Eskertzen dizut hori esatea, saiatu, behintzat, saiatu naizen seinale; baina seguru asko lehenik nik neuk dastatu dudalako plazer hori irakurle eta entzule moduan (Rafik Schamiren 'Narradores de la noche' dut gogoan, edo Atxagaren garai bateko irakurraldi eder haiek, ostrukarena eta). Hala ere, gaur egun sarriegietan idazkera funtzionala da nagusi, informatibo hutsa kasik, eta estiloari musika falta zaio, ez da sumatzen norbait belarrira xuxurlaka ari zaizula. Eta bene-benetan uste dut ipuinak edo poemak intimoki xuxurlatzea plazer handia dela: zuretzako bakarrik ari den ahots bat, zuri zeuri denbora hori eskaintzen dizuna, opari baten antzera Bai, uste dut ahozkotasuna dohaina izan daitekeela, eta freskotasunarekin lotu daiteke gainera. Idazkiak ozenki irakurtzea niri, behintzat, lagungarria zait, lagundu egiten dit musikaltasuna bilatzen.

Euskal Herriko ipuinak eta mitoak, 'Mila eta bat gauetako ipuinak', Bibliako istorioak maiz ageri dira zurean.

Hans Christian Andersenen aita gizon iluna zen, mingulina, baina igandeetan semeari 'Mila gau eta bat gehiago'ko ipuinak kontatzen zizkion, edota Bibliakoak, eta orduantxe alaitzen zen. Azken batean, gizakia ez da askorik aldatu, eta tradizioko ipuin askotan badugu zer ikasia; kontua da gehiegitan ezikusia egiten diegula, eta berriro ere zuloa datorrela, jarraipenik eza, eta literatura ikasgai gisa ikusten jarraitzen dugula: egiturak, baliabide estilistikoak, informazio historikoa Baina literatura babesa da, makulua eta akuilua, benetako bidelaguna, bai idazle bai irakurle moduan.

Berregokitu beharra

Protagonista gazteak beren nortasunaren bila; iniziazioa interesatzen zaizu, beste garai batzuetan Flauberti edo Joyceri bezala

Uste dut gaur egungo bizimoduan iniziazio bat baino gehiagori aurre egin behar diogula, ez dela bakarrik gaztaroaren eta heldutasunaren arteko pasadizo arriskutsu bat, gutxi gorabehera gurasoen eskua abandonatzearekin lotu izan duguna. Gaur egun sarritan berrorientatu eta berregokitu beharra daukagu. Dena dela, hori ere aldatu egin den arren, konbentzimendua dut literaturak geure baitan lo daukagun bizitza esnatzen lagundu diezagukeela, edota irakurleak bi aldiz bizitzeko dohaina duela

Irakurle gazteekiko hartu emanari eutsi diozu hainbat bisitaldiren bitartez. Nolako aldaketak sumatu dituzu hartzaileengan azken hogeita bost urteetan zehar?

Esan egiten da imajina batek mila hitzek baino gehiago adierazten duela, baina nik ez ditut kontrajarrita ikusten. Bene-benetan uste dut hitz bat aberastu egiten dela musika, pintura edo argazkiekin eskainiz gero. Nik halaxe sentitzen dut irakurle moduan: orain esku artean daukadan Berger-en 'Un hombre afortunado' lan argazkidunean, Nórdica argitaletxeko klasiko ilustratuetan 'Laranja bat zaborretan' nobelako zenbait atal, esate baterako, niri arrotza zitzaidan QR kodearen bitartez entzun daitezke. Eskuz idazten jarraitzen dut, tempus egokiaren bila, presarik gabe: dinosauroa naiz, bai, baina etorkizunera irekia, esperimentatzeko prest betiere, horrexegatik topa daiteke DVD bat 'Joan' nobelan, edota disko bat '50' izeneko obran. 'Mundua lo dagoen bitartean', berriz, Gasteiz, Bilbo, Tafalla edo Elorrioko eszenategietara eraman genuen, eta bertan zinema, pianoa, irrati formatua txertatu genituen. Aldaketak badira, nire gazte literatur bizipenen eta oraingoen arteko aldea ikaragarria da, estimazioa bera ere aldatu da, baina Juan Mayorgak dioen bezala, munduko zarata, zikinkeria eta arrunkeriatik musika, lurrinak eta sentsibilitatea ateratzen jarraitu beharra daukagu.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios