El Correo

App berria Osakidetzan, tratamendu medikoa behar bezala jarraitzen laguntzeko

Pertsona bat, sakeleko telefonoa erabiltzen.
Pertsona bat, sakeleko telefonoa erabiltzen.
  • 'Nire tratamendua' aplikazioa mailakatuta hedatuko da Euskadin. Araban atzo jarri zen martxan eta Bizkaian eta Gipuzkoan hurrengo asteetan erabiltzen hasiko da

Osasuna hobetzeko aurrerapausoak ongietorriak dira beti. Horregatik, aipatzekoa da Osakidetzak 'Nire tratamendua' izeneko gailu mugikorretarako app berria sortu duela, pazienteei tratamendu medikoa hobeto jarraitzen laguntzeko helburuarekin. Aplikazioa mailakatuta hedatuko da Euskadin. Izan ere, Araban atzo jarri zen martxan eta Bizkaian eta Gipuzkoan hurrengo asteetan erabiltzen hasiko da.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Jon Darponek, atzo aurkeztu zuen app berria Gasteizen eta, berak esandakoaren arabera, aplikazioa «paziente guztiek osasun prozesuetan parte hartzeko» balio izango du. Gainera, «medikuaren tratamendua kudeatzeko lagungarria izango da, pertsonen bizi kalitate hobetzeko helburuarekin».

Darponen hitzetan, aplikazioa «segurua, praktikoa eta erabiltzeko erraza» da, eta berehala jasotzen du kontsultan ematen den tratamendu aktiboaren orria. Horri esker gaixoak sakeleko telefonotik historia klinikoan erregistratutako informaziora zuzenean sar daiteke. Azken batean, kudeaketarako erreminta pertsonal bat da, eta agindutako tratamendua eta medikazioa zuzen betetzen laguntzen du.

Modu honetan, medikuak agindutako tratamenduari buruzko ohar eguneratuak, botikak hartzeko alarmak programatzeko aukera, botika farmazian noiz jaso ahal izango den jakiteko posibilitatea, bisatuaren erabilgarritasuna jakiteko aukera behar duten botiken kasuan, eta norberaren ardurapean dauden pertsonen tratamenduak ikusi eta gainbegiratzeko aukera eskaintzen ditu app berriak.

Segurtasuna ziurtatuta dago

Halaber, Darpónek azpimarratu du Osakidetzako informatika zerbitzuek sortutako app hau osasun zerbitzu publiko batean gaur egun dagoen aplikazio bakarra dela, eta Osakidetza, beraz, «aitzindaria» dela arlo horretan nabarmendu du ere bai.

'Nire tratamendua' aplikazioa euskal gizarte osora zabaldu aurretik hainbat hilabetetan frogatu da, eta ehun paziente inguruk parte hartu dute prozesu horretan. Begoña Iriarte, aplikazioa jadanik erabili duen pazientearen arabera, «erraza, intuitiboa, grafikoa eta ulerterraza» da.

App berria Osakidetzaren atarian dago, eta bertatik deskarga daiteke. Segurtasuna ziurtatuta dago informazioa ez delako telefonoan gordetzen, eta horrek esan nahi du inor ezingo dela inoren datu pertsonaletara ez klinikoetara sartu telefonoa galtzen bada edo lapurtzen bada.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate