El Correo

Euskara geletatik at ere ikasten da

Euskara geletatik at ikasten
/ AEK
  • Barnetegi ibiltariek hizkuntza eta aisialdia batzeko aukera eskaini ez ezik, Euskal Herria ezagutzeko modu ezinhobeak dira

Uda heldu dadin urte bat itxaron eta gero, oporrak ikasten igarotzea ez da gogokoa. Baina eskaintzak gelak sahiesten baditu ez du hainbesteko nagitasuna sorraraziko. Kirola, natura, turismoa edota jaiak bezalako osagaiak gehitzen bazaizkio errezetari atsegingarri dirudi. Hori guztia da, hain zuzen ere, AEK-k antolatzen dituen barnetegi ibiltaria. «Herri honetan egin den akats handienetariko bat euskara eta akademia lotzea izan da. Ekimen honek aisialdiarekin lotzen du, bizikletarekin, mendiarekin, lagunekin... Oporrak bezalakoak dira, baina konturatu gabe euskaraz bizi zara egunero», azpimarratu du Nerea Epeldek. Berak euskara jakin badaki, baina bere bikotea, Ibon Valdivielso, ikasten ziharduen. Lehenengo aldiz bakarrik joan ondoren -«askotan errazagoa da ezezagunekin aritzea ezagunekin baino»-, elkarrekin egitea erabaki zuten. Eta lau urte daramatzate jada. Lehenego hirurak bizikletaz egin zuten eta azkenegoa, berriz, oinez.

«Betidanik gustatu zait euskara eta ikasteari ekin nion. Horregatik hasi nintzen euskaltegira joaten, ez titulu bat eskuratzeagatik, ez bainuen behar. B1-eko maila lortu ondoren, barnetegi batean izena ematea erabaki nuen. Ni kirolzalea naiz eta ohiko barnetegiak ez zitzaizkidan gustatzen, klasera joatea aspergarria iruditzen zitzaidan eta. Egitasmo honek kirola egiten duzun bitartean euskaraz mintzatzeko hauta ematen du, edo alderantziz», azaldu du Valdiviesok. «Gainera, Euskal Herria ezagutzeko aukera ezinhobea da». Gaur egun C1 lortu nahian dabil.

Euren helburua hartutako ohiturak aldatzea zen, hots, egunerokotasuna euskalduntzea. «Hasieran gaztelania ateratzen zitzaidan, nire ama-hizkuntza baita, baina pixkanaka-pixkanaka joera hori aldatuz joan zen. Niretzat erabateko asmatzea izan zen, asko ikasten baituzu: euskarari buruz, herriei buruz, elkartasunari buruz eta baita bikotearengan. Zalantzarik gabe gomendatuko nuke», adierazi du Valdiviesok. Epeldek bat dator. «Barnetegi ibiltaria edozein pertsonarentzako egokia da. Edonor joan daiteke. Egia da kilometroak egiten direla, baina egun osoa erabiltzen da etapa egiteko; beraz, lasaitasunez aurrera egiten da. Bestalde, aukera hauek badute bere xarma. Berdin da euskaldun zaharra izatea edo oinarrizko profila edukitzea, azkenengoek ahalegin handiagoa egin beharko dute hasieran, baina gero eta hobeto egiten dute. Elkar laguntza izugarria da eta ez da batere nabaritzen mintzapraktika egiteko gogoa. Gainera, mantentzen dituzun lagunak egiten dira. Eta euskaraz sortutako harremanak dira». Oharpen bat baino ez du egiten. «Lau izarretako hotelan lo egin ordez, mila izarretako batean egiten duzu».

Bizikidetza

Oinez egiteko barnetegi ibiltaria Areatzan hasiko da uztailaren 15ean, 29an Izaban amaitzeko. Azkenengo egun horretan, hain zuzen ere, abian jartzen da bizikletaz egiten dena. Irteera Debatik izango da eta 15 egunetan zehar, abuztuaren 12an, Etxarri-Aranatzera helduko da. Bietan izena emateko epea barnetegia hasi baino 11 egun lehenago amaitzen da.

Juan Mari Apaolazak aldizkari batean aurkitu zuen informazioa. Bertan nagusiei luzatzen zieten gonbidapena. «Ibilbide oso egokia, aproposa eta erakargarria iruditu zitzaidan». Apaolazak bizitariaren figura bete zuen, «etapa bat, bi, hiru... egiten duena da; nik erdia egin nuen». Bera euskaldun zaharra da eta, hala eta guztiz ere, gomendatuko luke. «Hasi-hasieratik txantxak egiten dira, berdin da euskaldun berri izatea. Azaltzen duten prestasuna ikaragarria da eta, horrela, oso erraza da berbetan hastea eta harremanak sortzea. Gainera, etapa bakoitzaren amaieran sortzen den topaketa oso interesgarria da, oso giro onekoa. Leku askotatik etorritako jendea elkartzen gara, baita profil ezberdinekoak ere». Nahiz eta fisikoki berarentzat gogorra izan, «80 kilometro egiten dira egunero eta bidean mendate asko igotzen dira», azkenean guztiok moldatzen direla ziurtatzen du. «Ahalegin handia egin ondoren, bizikidetza hasten da: kanpa-denda jarri, oheak zozkatu, afaria prestatu... eta jendeak ondo erantzuten du. Gero eta konfidantza gehiago sortzen da eta bakoitzak bere esperientzia kontatzen du, aberasgarria eta oso polita da hori».

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate