El Correo

EHUk Unibertsitate Orientaziorako Azoka egingo du larunbatean

  • Egitasmoaren helburua EHUren graduei buruzko informazio zehatza ematea da

Euskal Herriko Unibertsitateak egingo dituen Unibertsitate Orientaziorako hiru azoken azkena egingo du Bilbon larunbatean, 09.00etatik 14.00etara. Osasun Zientzietako ikastegien erakusguneak eta horien informazio saioak Bizkaia Aretoan izango dira, eta gainerako ikastegiak eta informazio saioak Ekonomia eta Enpresa Fakultatean, Sarrikon, egongo dira. Unibertsitaterako sarbideko informazio saioak Bizkaia Aretoan streaming bidez eskainiko dira.

Unibertsitate Orientaziorako Azoka unibertsitate aurreko ikasleei, euren gurasoei eta bigarren hezkuntzako irakasleei zuzenduta dago, edozeinek parte har dezakeen arren. Sarrera librea da. Egitasmoaren helburua da EHUren graduei buruzko informazio zehatza ematea, unibertsitate aurreko ikasleen zalantza guztiak argitzeko eta ikasketen aukeraketa errazteko. Zalantzak banaka zein taldeko informazio saioen bidez argitu ahalko dira.

Halaber, unibertsitateko zenbait zerbitzutako langileek informazioa emango diete ikasleei unibertsitatera sartzeko bideen, mugikortasun programen, graduondokoen, tasa eta beken, unibertsitateko ostatu eta garraioaren, kirol jardueren, unibertsitate orientazioaren eta abarren gainean. Nahi izanez gero, azokaren egunean bertan, campus bakoitzeko unibertsitate egoitza bisitatzeko aukera izango da aldez aurretik izena emanez.

Iaz, 7.800 lagun

Unibertsitate ikastegi guztietako zenbait irakaslek eta Ikasleentzako Argibide Zerbitzuak azoketan parte hartuko dute hiru larunbatetan. Hortaz, azoka bakoitzean EHUren hiru campusetan ematen diren gradu guztiei buruzko informazioa eskainiko da. Iaz, 2016ko edizioan, azoketara 7.800 pertsona bertaratu ziren.

EHUk urtero garatzen du Unibertsitatera Sartzeko Programa, unibertsitate aurreko ikasleek ahalik eta informazio gehien izan dezaten ikasketak hautatu aurretik, eta Unibertsitate Orientaziorako Azokak programa horren baitan daude, bere bigarren fasean, hain zuzen. Lehen fasean, unibertsitate aurreko ikasleei interesatzen zaizkien graduei buruzko Jarduera Praktikoak burutu ziren.

Programari amaiera emateko, Ate Irekien Jardunaldiak egingo dira martxoan. Horietan parte hartu nahi dutenek, otsailaren 13etik 26ra bitartean, bigarren hezkuntzako eta lanbide heziketako ikastetxeetan edo unibertsitateko webgunean eman beharko dute izena.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate