El Correo

Nekane Balluerka EHUren errektorea izango da gaurtik

Iñaki Goirizelaia eta Nekane Balluerka.
Iñaki Goirizelaia eta Nekane Balluerka. / TELEPRESS
  • Psikologia Fakultateko irakaslea azaroaren 24an egindako hauteskundeetan hautatu zuten, emandako botoen %66,31 lotruz

Nekane Balluerkak Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) errektore kargua hartzeko ekitaldia ospatuko da gaur eguerdiko 12:00etan, Ajuria Enea jauregian, Gasteizen. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak lagunduta, ekitaldiaren buru izango da.

Gainera, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarraren presidentea, Iñaki Goirizelaia EHUren orain arteko errektorea eta EHUren lehengo eta oraingo errektore taldeetako kideak izango dira ekitaldian, baita Deustuko eta Mondragon unibertsitateetako errektoreak ere, Jose Maria Guibert eta Vicente Atxa, hurrenez hurren.

Ekitaldia hasteko, Urkulluk errektore izendatzeko dekretua irakurriko du, eta jarraian, Balluerkak karguaren zina egingo du. Ondoren, errektore izendatu berriak eta Jaurlaritzako lehendakariak hitzaldi labur bana emango dute, eta jarraian, Ajuria Enearen eskaileretan talde argazkia aterako da.

Nekane Balluerka (Ordizia, Gipuzkoa, 1966) Portaera Zientzien Metodologia jakintza arloko katedraduna eta Psikologia Fakultateko irakaslea da. Azken lau urteetan Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordea izan da, eta aurretik EHUren kudeaketan hainbat ardura izan du. Asteazkenean kargu berria hartuko du, eta horrela, EHUren emakumezko lehen errektore hautatua izango da (Arantza Mendizabal jarduneko errektorea izan zen 1985eko maiatzaren 27tik 1986ko urtarrilaren 21era arte).

Psikologia Fakultateko irakaslea azaroaren 24an egindako hauteskundeetan hautatu zuten, emandako botoen %66,31 lotruz. Unibertsitateko kideek hautatzen dute errektorea, sufragio orokor haztatuaren bidez. Hautagai bakarra egon zenez, hautatua izateko, emandako botoen herena lortu behar zuen egin beharreko haztapenak eginda.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate