Borrar
Euskaltzaindiaren hiztegi berria Bilbon aurkeztu zen.
Euskaltzaindiaren hiztegi «berritua eta zabaldua», paperean eta Interneten

Euskaltzaindiaren hiztegi «berritua eta zabaldua», paperean eta Interneten

Artikulu bakoitzean, deskribatzen duen sarrera edo azpisarreraren kategoria gramatikalak, adierak, beren definizioekin, joskera adibideak eta, dagozkionean, euskalki eta erregistro markak agertzen dira

s. cantera

Viernes, 7 de octubre 2016, 01:44

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Itxura aldatu du. Euskaltzaindiaren hiztegiaren hurrengo edizio «berritu eta zabaldua» atzo bertan aurkeztu zen Bilbon. Aldian aldiko kontu esanguratsu batzuk barneraturik eta bereturik ditu eta paperean zein Interneten dago erabiltzaileen eskura. «Modernoagoa, aberatsagoa eta erabilgarriagoa izango da», adierazi zuten arduradunek.

Akademiak urte luzetan ondutako ahaleginen emaitza moldatua eta itxuratua da Euskaltzaindiaren Hiztegia. «Hartara, aspaldiko gogoa eta ametsa bete dugu, eta gure lexikografia proposamena gizarteratzen dugu berriro, ustez, bide errazak eta eragingarriak sortzen dituela euskara eta euskal kulturarentzat, halakoak plazaratzean», azpimarratu zuen Andres Urrutia euskaltzainburuak. Berarekin batera, Leire Aragon BBKko Gizarte Ekintzaren zuzendaria, Andoni Sagarna Euskaltzaindiaren Hiztegia egitasmoaren zuzendaria eta Miriam Urkia Hiztegi Batuko lantaldeko arduraduna agerpenean izan ziren.

Euskaltzaindiaren Hiztegiaren lehenbiziko edizioa 2012an argitaratu zen, paperean soilik, liburuki bakarrean. Oraingo hau askoz handiagoa da, lehenengoaren bikoitza, eta, gainera, paperezko bi liburukitan ez ezik Interneten ere kontsulta daiteke.

Euskara-euskara hiztegia da Euskaltzaindiaren Hiztegia. Artikulu bakoitzean, deskribatzen duen sarrera edo azpisarreraren kategoria gramatikalak, adierak, beren definizioekin, joskera adibideak eta, dagozkionean, euskalki eta erregistro markak, jakite arloenak, erabilerarako beste zenbait ohar, eta, bizidunei dagozkienetan, baita taxonak ere eskaintzen ditu. Hitzen artean kidetasunen bat dagoela adierazteko, erreferentzia gurutzatuak ezarri dira. Horren guztiaren helburua erabiltzaileari euskara txukuna erabiltzen laguntzea da.

Hiztegiaren bigarren edizioak 37.884 sarrera eta 6.944 azpisarrera dauzka (2012koak 20.000 sarrera zituen), hau da, 44.828 forma eta 61.398 adiera. Joskera adibide ugari gehitu dira, denak corpusetatik jasotakoak, horrek lagunduko diolako erabiltzaileari hitza egoki erabiltzen.

Interneteko bertsioa

Halaber, «garrantzi berezia» du hiztegiaren Interneteko bertsioak. Paperezkoaren eduki guztiak dauzka, euskarri digitalean kontsultak egiteko hainbat erraztasun eskaintzen ditu, eta, gainera, Euskaltzaindiaren baliabide lexikografiko guztiak eskuragarri jartzen ditu.

Bi erabilera mota izan dira kontuan kontsultak egiteko moduak programatu direnean: arrunta eta aurreratua. Kontsulta arruntean, erabiltzaileak bilaketa laukian ezarri duen forma duten sarrera eta azpisarrerei dagozkien artikuluak ikusiko ditu. Kontsulta aurreratuak, berriz, «unibertso oso bat irekitzen du». Bilaketa laukian jartzen den forma bila daiteke sarreretan, hitz hasiera edo amaieran, adibideetan, definizioetan, taxonetan, erreferentzietan eta antzeko formetan. Horrez gain, bilaketaren erantzunak iragaz daitezke aipaturiko marken arabera (kategoria gramatikala, erregistroa, eta abar).

Urte eta jende askoren lana

Andres Urrutia euskaltzainburuak hiztegi berri eta berrituaren onurak azpimarratu zituen bere hitzaldian: «Lehenengoz, Akademiak paperean eta euskarri digitalean eskaintzen du bere hiztegia. Honela, Akademian sartu nintzenetik neukan asmo eta konpromiso bat bete ahal izan dut: Euskaltzaindian ekoizten den material oro gizartearen eskura jartzea, eta, aurrerantzean ere, ildo horretatik jarraituko dugu».

Hiztegiaren II. argitaraldia urte askotako «eta jende askoren» lana dela gogoratu zuen Urrutiak. Hiztegi hau kaleratzea «kunplitutako amets bat» dela gaineratu zuen euskaltzainburuak, «hiztegi ortografikoa izatetik (Hiztegi Batua) hiztegi betea» izatera pasa baita, eta amaitu zuen guztiok «hiztegi berri honen erantzule» garela esanez.

Leire Aragonek aitortu zuen BBK-k hasieratik babestu zuela hiztegiaren proiektua, «ez baikenuen zalantzarik izan, gure helburuekin bat egiten duelako, hain zuzen, euskara zaindu eta zabaldu». «Urteak daramatzagu gure hizkuntzaren alde lan egiten duten erakunde eta elkarteekin bat eginda, eta bide horretatik jarraituko dugu etorkizunean», esan zuen.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios