El Correo

Lurraldebusek Donostia eta Bilboko aireportua ordu erdian behin lotzen ditu

  • Zerbitzu berria atzo bertan jarri zen martxan. Maiztasunak bikoiztu egingo dira

Lurraldebus enpresa publikoak Donostiatik Bilboko aireportura duen zerbitzua zabaldu du, eta ordu erdian behin autobusak daude. Horrela, urtean zehar dauden maiztasunak bikoiztu egin dira, zerbitzu hori lanagatik eta oporrengatik bereziki uda garaian erabiltzen dutenen premiak asetzeko. Dagoeneko erreserba daitezke txartelak Pesa konpainiarekin harremanetan jarrita.

Urtean zehar, Lurraldebusek autobus bat du Bilboko aireportura, orduan behin. Bada, uztailean eta abuztuan, zerbitzua ordu erdian behin izango da bi noranzkoetan.

Hain zuzen, autobusak ordu erdian behin izango dira Donostiako geltokitik 04.30etik 21.30era. Loiuko aireportutik ere irteerak ordu erdian behin izango dira, 06.15etik 23.45era. Aurrez erositako txartelaren bidez eskaria badago, autobusak geldialdi bat egingo du Zarautzen. Ordu erdian behin izaten den zerbitzuak harrera handia izan zuen joan den udan: uztailean %13,5eko hazkundea izan zuen, eta abuztuan, %10,4koa.

Gainera, Gipuzkoako Aldundiak txartelak banatzeko makina bat instalatu du Bilboko aireportuko terminalean, txartela banku txartelaren bidez erosteko, erabiltzailearentzat erosoagoa eta azkarragoa izan dadin.

Bestalde, Gipuzkoako autobusen hiriarteko garraio lineei buruzko informazio orokorra hobetzeko, Lurraldebusek informazio taulak jarri ditu lehen aldiz Donostiako autobus geltokian, bere autobusek estaltzen dituzten linea nagusien mapa batekin.

Gipuzkoara autobusez iristen diren bisitariei eta turistei bereziki jakinarazi nahi zaie zer aukera eskaintzen dituen Lurraldebusek Gipuzkoa osoa bisitatzeko. Horrela, autobus geltokira hurbiltzen edo iristen direnek, aurrerantzean, Zumaiara, Getariara, Azpeitira, Zumarragara edo Oñatira joateko autobusez garraio publikoko zerbitzua dutela jakingo dute.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate