El Correo

Landismoak

'Euskal literaturaren alde (eta kontra)' liburuan hurrengo aholkua ematen digu zutabegileoi Iban Zalduak. «Zutabegileak beti gogoratu behar du norberari gertatzen zaiona izugarri inportantea dela: zutabearen abiapuntua eta are helmuga izango da haren bizitza pertsonala. Horregatik zutabegilea beti saiatuko da irakurleari egin dituen bidaien, bisitatu dituen erakusketen, dantzatu dituen kontzertuen, antolatu dituen kongresuen, parte hartu duen sinposioen eta izan dituen (OPIekiko) elkarrizketa guzti-guztien berri zehatza ematen: autopropaganda ez da sekula deskuidatu behar». Ironia lagun, oso gauza interesgarriak adierazten ditu donostiarrak bere azken argitalpen horretan. Kasu egingo diot eta ez naiz neure bizipenei buruz mintzatuko; aitzitik, niretzat guztiz arrotz den ekosistema bati buruz hitz egingo dut: diskotekei buruz. Oso espazio bitxiak dira, diskotekak: ilunak, urduriak, elkarrizketaren bat izateko desegokiak, estetika zehatz baten erreinuak. Hala eta guztiz ere, gazteak beste gazte batzuk ezagutzeko joaten dira horrelako lokaletara. Nire ustez, lokal horiek ez dira ligatzeko aproposak, baina, zer esan, batzuek adore handia omen dute. Gero, gaua gaizki badoa, desengainu eta frustrazioak datoz; izan ere, Getxoko gazte batek diskoteka bat salatu zuen bertan neskarik ez zegoelako. Oso salaketa psikodelikoa iruditu zitzaidan, egia esan.

Diskotekak egunkarietara itzuli dira. Geure hiri eta herrietako Studio 54etan emakumeek eta gizonek sarrera berbera ordainduko dutela erabaki dute. Orain arte, ez zen horrela izaten. Ondo deritzot neurri berriari, bai noski. Bada garaia 'landismo' kutrea gainditzeko. Izan ere, lehen esan dudan moduan, nik ez ditut diskotekak atsegin. Ordaindu beharko lidakete niri ni horrelako lokal batean sartzeko. Tamalez, ni ez naiz Paris Hilton eta Bilboko Pacha Loungek itxi zuten dagoeneko. Orain, nik, emakume honek, sarrera ordaindu behar izango dut eta pozik egingo nuke. Berdintasunaren alde nago, baina diskotekaren aurreko espaloian itxarongo dizuet. Nor bere ekosisteman.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate