El Correo

Euskal arkitekto gazteei eskainitako Peña Ganchegui saria sortu dute

  • Hamar urtetik beherako esperientzia duten profesionalei zuzenduta dago

Peña Ganchegui saria sortu dute Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta Peña Ganchegui Artxiboak, euskal arkitekto gazteei eskainia, ibilbide arkitektoniko gaztea aitortzeko eta hazten ari den ibilbidea sustatzeko. Hamar urtetik beherako esperientzia duten arkitekturako profesionalei zuzenduta dago, baldin eta Euskadin titulazioa lortu badute edo jarduera Euskadin egiten badute.

Saria bi urtean behin emango da eta 6.000 euroko ordainsaria izango du, eskudirutan. Lanbide praktika eredugarria izateaz gain, kultura arkitektonikoa sustatzen, garatzen eta finkatzen laguntzen duten ekarpenak ezagutzera eman nahi dira, Jaurlaritzak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

Sariak Luis Peña Ganchegui (Oñati, 1926 - Donostia, 2009) arkitektoaren izena du. Euskal arkitekturaren erreferente gorena izan zen XX. mendeko bigarren erdialdean. Donostiako Arkitektura Eskolako sortzailea izan zen, eta zenbait obra enblematikoren egilea, besteak beste, Vista Alegre Dorrearena (Zarautz 1959), Trinitate plazarena (Donostia, 1963), San Frantzisko elizarena (Gasteiz, 1968) edota Tenis plazarena (Donostia, 1976).

Pablo Garcia Jaurlaritzako Etxebizitza eta Arkitekturako zuzendariak esan duenez, Euskadin kalitate handiko ekoizpen arkitektonikoa egon arren, «etengabe berritzeko eta hobetzeko bermea behar dugu eta gazteenak animatu behar ditugu, kontuan hartuta egoera bereziki zailei egin behar dizkietela aurre, are gehiago eraikuntza sektorean izan den urte anitzeko krisi luzearen ondoren».

Uztailaren 25era arte

Sarirako hautagaitzak banakakoak edo kolektiboak izan daitezke. Interesdunek merezimenduak aurkeztu beharko dituzte eta horien artean obrak, proiektuak eta ikerketa lanak jaso ahalko dira, baldin eta arkitekturari ekarpena egiten badiote, eremuak eta eskalak edozein direla ere, alegia, objektuen diseinua izan, zein lurraldeko esku hartzeak izan.

Lehenengo edizioaren epaimahaia ondoko kide hauek osatuko dute: Lluis Clotet katalanak, Studio Per estudioaren sortzaile eta Clotet Paricio estudioko kideak; Angela Garcia de Paredes madrildarrak, Paredes Pedrosa Arquitectos estudioaren sortzaile bazkideak; Carlos Quintans galegoak, 'Tectónica eta Archives' aldizkarien zuzendariak; Rocío Peña Peña Ganchegui Artxiboko presidenteak eta Pablo Garcia Etxebizitza eta Arkitekturako zuzendariak.

Interesdunek uztailaren 25era arteko epea dute izen ematea egiteko, eta hautagaitza irailaren 5a baino lehen aurkeztu beharko dute. Epaiaren berri urriaren 2an emango da, Arkitekturaren Mundu Egunean. Gero, lan finalisten erakusketa egingo da.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate