El Correo

Ospatzeko asko 34. Herri Urratsen

fotogalería

/ JOSE MARI LÓPEZ

  • Aurreneko aldiz Ipar Euskal Herrian euskararen atzeraldia geldiarazi dela ere jakin da Senperen egiten ari den ikastolen festan

Emmanuel Macron Frantziako presidente berriak igande honetan sare sozialei erreparatzeko astia badu, eta Senperen bildu diren euskaltzaleek Paxkal Indo Seaskako lehendakariari kaso egin badiote, Macron jaunak bere presidentzaren aurreneko eguna bukatu baino lehen jakingo du zer den Herri Urrats, eta zer diren ikastolak. Egunean zehar egindako argazkiak haren kontuetara bidaltzeko eskatu du alegia Indok, luze gabe egingo dizkioten munta handiagoko eskaeren atariko gisara, «ikus dezan Euskal Herriak eta ikastolok badakigula zer diren beraien eraikinen aurrealdean idatzita dituzten 'liberté', 'egalité' eta 'fraternité' hitzak».

Hain zuzen ere, Estatuak «Hezkuntza eta Barne ministerioen bidez ezartzen dituen muga eta zailtasunak» izan dira egun urdin eta argitsuan -beroa tenperaturaren aldetik, eta giroaren aldetik ere bai- nagusitu den eguzkia estali duten hodei bakarrak. Bestela, dena izan da bake, harmonia eta baikortasun, asko baitute ospatzeko 34. edizio honetan Herri Urratsek, Seaskako ikastolek eta euskarak.

Indok gogoratu duenez, urrats bat aurrera egingo du Seaskak datorren ikasturtearen hasieran dimentsioari dagokionez, besteak beste euskara lanbide heziketara iristea ahalbidetuko duen Baionako Bernat Etxepare lizeoa inauguratzean. Inaugurazioa irailaren 16an egingo da. Hala, unibertsitatera bitarteko azken urteak bertan egingo dituzten 300 inguru ikasleek «baldintza normaletan» ikasi ahal izango dute. Ikasgela, laborategi, jangela, kiroldegi eta gainerakoak berri-berriak izango dituzte, eta barnetegiko gelak ere bai. Azken Herri Urrats jaietan bildutako dirua proiektu horri aurre egin ahal izateko Seaskak bere gain hartu zuen zama finantziero handia arintzera bideratu da, eta aurten bildutakoa ere horretarako izango da.

Maila guztiak kontuan hartuta, datorren ikasturterako aurreikuspenak ezin baikorragoak dira Seaskarentzat. Hain zuzen ere, 3.700 ikasletik gora izango dituzte ikastolek, 200 bat gehiago, eta ikasle berriak zein azken urteetan ikasturtez ikasturte Seaskaren ikasle kopurua handitzen joan diren neska-mutikoak hartu ahal izateko hamar gela gehiago irekiko dira honezkero martxan dauden ikastoletan, ikastola berri bat irekiko da Bokalen (Boucau), handituko da kolegio bat eta egingo da berri bat...

Tamalez, etengabe gora egiten duen ikasle kopuruari arreta eskaintzeko irakasleak hornitu behar dituen Hezkuntza Nazionalak ez dirudi prest Seaskaren beharrak asetzeko. Ikastolek 22 irakasle eskatu dituzte, eta Estatuak 8 eskaini. Indok iradoki du zail ikusten duela negoziazioaren bidez aurrera egitea, eta zabalik utzi du mobilizazioen atea, ikastolen «haserrea» aipatuz. Barne Ministerioaren baitakoa den suprefeta ere ikastolei laguntzeko prest dauden udalei presioa egiten ari dela adierazi du, XIX. mendeko Falloux legearen izenean. Zuzenean Parisetik gidatutako bi ministerio horiek dira, beraz, Ipar Euskal Herriko egitura administratibo konplexuan, administrazioaren gainerako mailetan lortzen ari diren akordio zabalen gauzatzea zailtzen ari direnak. Hortik, alegia, Macroni zuzendutako argazkiak.

Bestalde, laster Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaritza utziko duen Mathieu Bergék oraindik erabat landu gabe dagoen Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzen aurrerapentxo bat eskaini du, adieraziz aurreneko aldiz hizkunak galtzeari utzi diola euskarak Ipar Euskal Herrian, «hondoa jo eta gero». Beste berri on bat suspertze horretan zerikusi zuzena duten ikastolentzat, nahiz eta Bergék berak gogoratu duen eskola publikoan ere gero eta tarte zabalagoa ari dela hartzen euskara. Hala ere, ikastolak dira oraingoz murgiltze eredua eskaintzen duten bakarrak, modu esperimentalean eta, hortaz, salbuespen egoeran, ari diren eskola publikoko gelaren batzuk kenduta.

Egunak ere lagundu du. Goiz ibili da jendea, jakinik lehen orduetako aukerak galtzen dituenak urrutiko aparkamentuetara jo beharko duela. Azken edizioetan egin dituzte zenbait trafiko egokitzapen, baina hala ere berandutuz gero ez da erraza zirkuitura iristea.

Saio mamitsua

Ohi denez, ibilbidea ireki eta berehala, Euskal Herri osotik bertaratutako euskaltzaleek bidea zein egitarau zabaleko ekitaldiak hartzen dituzten guneak betetzen hasi ahala, lakuaren ondo-ondoan dagoen Ur Hegia izeneko etxe ederreko lehen solairua Ipar eta Hego Euskal Herriko erakunde publikoetako, euskalgintzako, alderdietako eta sindikatuetako ordezkariz bete da, Paxkal Indok gidatu ohi duen irekiera ekitaldian. Ikastola-sarea txiki ari zaio gelditzen Seaskari, eta aretoa ere bai Herri Urratsi, hitza hartzen dutenek betetzen duten mahai luzea barne. Mahai horretan eseri dira hain zuzen Pierre-Marie Nousbaum Senpereko auzapeza; Andres Urrutia euskaltzainburua; Koldo Tellitu Euskal Herriko ikastolak biltzen dituen europar kooperatiko lehendakaria; Sylviane Alaux diputatu sozialista; Mathieu Bergé Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria; Jean-René Etchegaray Baionako alkate eta Euskal Elkargoko lehendakaria; Jean-Jacques Lasserre senatore eta Pirinio Atlantikoetako departamentuko kontseiluko lehendakaria; Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua.

Euskararen lurralde guztietako administrazioen arteko elkarlana gero eta estuagoa izanik, han zen halaber, mahaitik gertu, Nafarroako Euskarabideako Mikel Arregi. Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaran, Euskara Sustatzeko zuzendari Estibaliz Alkorta eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari Mikel Irizar ere bildu dira ekitaldira, hala nola alderdi eta sindikatuetako zenbait ordezkarik, hautetsi ugari eta euskalgintzako erakundeetako ordezkariak, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao, kasu.

Hego Euskal Herriko ordezkariek adiskidetasun eta elkartasun hitzak izan dituzte batik bat Seaskarekiko eta ikastolekiko, sostengua eskainiz eta euskararen aldeko aldarrikapenenik bat eginez. Eusko Jaurlaritzaren izenean mintzatu den Zupiria sailburuak, esate baterako, azpimarratu du Eusko Jaurlaritza beti izango dela laguntzeko prest euskararen alde egiteko, betiere errespetutik: «Itxaropenez ikusten dugu Iparraldean pausuz pausu gertazen ari dena. Eta gure babesa eta laguntza eskaintzen dizuegu, beti egin dugun bezala, errespetuz zuekin batera euskararen aintzirak ur gehiago izan dezan».

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate