El Correo

Askatasunaren kalabazak

1985ean ikusiko nuen estreinako aldiz Kalabaza tripontzia Lasarte-Oriako Teodosio zineman (gaur egun Manuel Lekuona Kultur Etxea). Urtean behin edo bitan baino errepikatzen ez zen ezohiko festa zen ikastolako ordutegiari muzin egin eta Teodosiora joate hura -leku berean ezagutuko nuen gure belaunaldiari arrasto sakona utzi zion aparteko mimo horren lana ere: Peter Roberts-. Lepo bete genuen ikastolako umeok aretoa gertakari miresgarri haren lekuko izateko. Hamar urte baino ez geneuzkan eta euskaraz ekoitzitako luzemetraia animatu bat ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula. Hala adierazi zitzaigun eta hala genuen barneratu: pribilegiatuak ginen, zerbait garrantzitsua ikustera gindoazen. Gure mundu globalizatu honetan, noiz sentitzen ote du gaur haur batek euskara zirrara batekin lotzen duen zerbaiten lekuko pribilegiatu dela? Zenbat bider urtean? Nekeza egiten zait irudikatzea, egia esan.

Zoragarria da egun hartako nire oroitzapena. Esan gabe doa, bideo-jokoak hasmentan zirela oraindik (Tetrisa, kasu, 1984an asmatu zuten errusiarrek), eta animazioak ordezkatzen zuen, halabeharrez, mundu birtualaren xarma ia osoa. Ez genuen, jakina, «mundu birtuala» esamoldea erabiltzen, mundu birtualaren existentzia bera baitzen birtual… Kontuak kontu, egunerokotasun traketsa deformatu eta 80etako margo-paleta estua gainditzeko modu ia bakarra ziren marrazki bizidunak. Bazuen, gainera, marrazki bizidunen egile izateak glamour gisako bat gure begietara: «marrazkiak banan-banan egin behar dira eta segundo bakoitzean mila!». Asto-lanaren eta magiaren arteko bidegurutzea zen hura, ezinezko ogibide bat gu bezalako umemokoentzat. Are gehiago, euskaraz. «Ezina ekinez egina» hitzek, Kalabaza tripontzia filmaren egileentzat espresuki asmatuak ziruditen, baiki.

Teodosio zinemakoa gogoangarria izan zela, horixe daukat akorduan, eta asteak eman genituela «sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik» esaldia errepikatu eta alderantziz ez ote zen eztabaidatzen («sasi guztien azpitik eta laino guztien gainetik»? Gaur da eguna oraindik zalantzak ditudana). Gogoan dut, halaber, asteroide bihurturik espazioko harri-koskorren artean jauzika zebilen narratzaile hark Star Wars-en sarrerako kredituen efektu berbera eragin zuela nigan. Ahaztuak nituen erabat, aldiz, filmaren argumentua eta atalkatze episodikoa. Hiru hamarkada igaro arte ez dut izan filma berriro ikusteko abagunea, Juanba Berasategiren ezusteko heriotzak utzi digun hutsune izugarria amiñi bat samurtzeko Euskadiko Filmategiak antolatu zuen ekitaldi xume bezain goxoan, Donostiako Tabakaleran. Oso arrazoi ezberdinengatik bada ere, berretsi egin da nire txundidura. Zein modu irudimentsuan berrikusten dituen euskal tradizioko pasarte eta pertsonaiak, zein adierazkorrak diren bikoizleen ahotsen murduskatzeko erak, zein naturala hizkuntza erregistroa… Litekeena da filmaren pasarte batzuk gaur egungo haurren bideoklip-bioerritmoarentzat motelegi suertatzea, baina Eibarko arma-fabrika giroan kokatutako Patxi Errementariaren moldaketa urbano-apokaliptikoa, adibidez, pieza antologikoa begitantzen zait, helduek zein haurrek berdin-berdin gozatzen dutena. Filma, txinparta handiko eszenaz zipriztindua dago, nola den Amatiño ETBko aurkezle lanetan ageri denekoa, azkenean gauzatzen ez den zuzeneko konexio bat egin nahian; simpsondarren ahaide agirretar bat.

Gaur egun pentsaezina litzateke halako film bat proposatzea, eta are gutxiago burutzea. Koldo Izagirre, filmaren gidoigileak, garai hartako «xalotasuna» aipatu zigun sormen-motor gisa, baina ez nituzke ia erabat galduak ditugun adorea eta izaera punkia gutxietsiko. Taberna giroa, aitaren zahagi zulatutik ardoa zanga-zanga edaten duen umea, estetika ‘gore’ari erantzuten dioten hatz erauzi odoltsuak, makilakadaka ebazten diren eztabaidak, puru-erretzaileak… Politikoki zuzena denaren langa sasi guztien azpitik eta laino guztien gainetik pasatzen duten eszena horiek ez lirateke egun haurrei zuzendutako ekoizpen batean onargarri. Hain gutxi, akelarre batean aker bati uzkian muxu ematen dioten pertsonaien eszena edota bere lantokiko takilan emakume biluzi baten argazkia itsatsita duen fabrika-operarioaren pasartea. Gizartea aldatu egin da eta zenbait gauza eta giro ez dira haizu («ni en pintura»; ezta marrazki bizidunetan ere!). Geure buruari ezarri diogun zuzentasun politiko prebentibo horrek zer pentsa ematen du, ordea. Noiz eman genizkion libertateari kalabazak?

Aske izateko saiakera zor dizugu, Juanba.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate