El Correo

Euskadiren turismo eskaintza Bartzelonako BTravel azokan izango da

Euskadiren turismo eskaintza Bartzelonako BTravel azokan izango da
/ Telepress
  • Kataluniarren %23 hiriak bisitatzeko dator Euskadira, eta beste horrenbeste enogastronomiagatik

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak stand bat izango du Bartzelonan gaurtik igandera ospatuko den BTravel nazioarteko turismo azokan. Kataluniako merkatua, tradizionalki, euskal turismoarentzat garrantzitsuenetariko bat da, eta Euskadik izaten dituen bisitari guztien %9,3 da. 2016an, kataluniarren 278.643 sarrera egon ziren, aurreko urtean baino %8,8 gehiago, eta 596.570 gau eman zituzten, %10 gehiago.

Maider Etxebarria Turismo zuzendariak adierazi duenez, Euskadik BTravel azokan izango duen standak Kataluniako merkatuarentzat interesgarrienak izan daitezkeen baliabideen eta nobedadeen inguruko informazioa eskainiko du. Bere esanetan, «merkatu honek gure helmuga oso ondo ezagutzen du, asko eta asko behin baino gehiagotan bisitatu baikaituzte eta eskaintzaren hain ezaguna ez den baina oso erakargarria den alde horretan interesa adierazten baitute».

Bestalde, Harkaitz Millan Basquetourreko zuzendaria azaldu du Bartzelonako azokako gunea iragan urtarrilean Madrilgo Fitur azokan erabilitakoaren egokitzapena dela, eta «corten altzairua, burdina eta harria zein esperientzian oinarritutako turismoa eta hiru hiriburuetan iradokitako grafikoa» batzen dituela. Euskadiri, gastronomiari, Arabako Errioxari, hiru hiriguneei, Euskal Kostaldeari eta Euskal Mendiei eta Haranei buruzko zenbait informazio gune izango ditu standak.

Eskaintzaren gaineko informazioaz gain, espazioak era askotako jarduerak izango ditu, esate baterako, txakolin, sagardo, Arabako Errioxako ardo eta gazta dastatzeak, eta txalaparta eta txistu erakusketa.

Kataluniarren %23 hiriak bisitatzeko dator Euskadira, eta beste horrenbeste enogastronomiagatik. Halaber, %15 kultura eta ekitaldiengatik bisitatzen du Euskadi, %12 natura eta turismo aktiboagatik, %12 touring egiteko eta %10 kostaldeko turismoa egiteko. Kataluniako turistaren batez besteko egonaldia 3,7 egunekoa da eta gehienetan hoteletan hartzen du ostatu (%82); landa etxeetan %11k eta kanponetan %7k.

Euskadi bisitatzen duten katalanen %87k «oso modu positiboan» baloratzen du helmuga turistikoa. Gainera, fidelizazio tasa handienetarikoa duen merkatua da, Madrilen, inguruko erkidegoen eta barruko turismoaren atzetik.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate