El Correo

SOS, akustika!

Handia da gure artean, itxuraz, elikadurarekiko eta arnasten dugun airearen kalitateari buruzko kezka. «Jaten duguna garela» esan ohi dugu, eta, plazeboa izan ala ez, gero eta zorrotzagoa da BIO markak geure eros ohituretan duen eragina (bide batez, Loiuko aireportuaren nazioarteko laburdura BIO izanik, halako pagotxa amu publizitario gisa ez erabili izana deigarria zait, egia esan).

Gipuzkoako errauskailuak piztu duen eztabaida ere aipa genezake ingurumenaren gaineko arduraren adibide. Geure ekologismoaren historia luzea eta gorabeheratsua da, ez polemikarik gabea: Lemoiz, Leizarango autobidea, AHTa… Ardura hori, ordea, ez da belarritik sar dakigukeen pozoira hedatu izan inoiz.

Argi dago gehiago preziatzen ditugula birikak, nerbio sistema baino. Herri builosoa gara, nonbait, eta zaratak ez gaitu arnasten dugun airearen kalitateak adina gogaitzen. Festarekin, isiltasun derrigortuaren kontrako adierazpen askearekin nahasten ote dugu buila? Hiri berdeak, bandera urdineko hondartzak, irisgarritasuna eta jasangarritasuna bolo-bolo dabiltzan garaian, ez dut lehiarik sumatzen auzo isil eta lasaien alde borrokatzeko. Salbuespen bat bada, hori bai: tabernetako musikaren dezibelioen aurkako gurutzada. Etxe ondoan fabrika bat baldin baduzu, ordea, izorradi! Bizilagunak zaharberritze lanak larunbat goizean egiten baditu, hor konpon! Beira edukiontzia husten badizute kamioira eta belarri ondora zure etxepean, ez saiatu horri kontra egiten.

Denerako -edo komeni denerako- arauak dauden sasoian, ba al da mailu pneumatikoarekin espaloia txikitzen pasa daitekeen gehiengo denbora tartearen mugarik? Ezezkoan nago. Eta behin espaloi bat txikitu eta gas-hodia bertan kokatu delarik, ba ote dago espaloi hori bera hilabete barru ur-hodiak aldatzeko berriro mailu pneumatiko berberaz irekitzen hastea eragozten duen araurik? Nekez. Zarata saihestezina da neurri batean, bizitzarekin batera doa, baina ez litzateke kalteko gaindosia zaintzea. Pozoirik ez baita existitzen: dosia da pozoia.

Koska bat estuago, zer esan leku publiko edo erdi publikoetan nagusitu den musikaz, bestalde? Geure kontzientzia lasaitze aldera Eusko Labeldun piperrak erosten ditugun bitartean, Enrique Iglesiasen azken perpetrazio sonikoa ziztatzen digute belarrietan barna, horregatik inork kexa izpirik jaulki gabe. Belarriek ere arnasten dute eurena, baina ez dirudi horretaz oso kontziente garenik. Edo agian berdin zaigu. Nork daki, akaso gustuko dugu. Ohitu egin gara. Kulturalki inbasiboa, musikalki kamustailea eta ideologikoki atzerakoia den humus entzungarri batek etengabe biltzen gaituen arren, eroso gabiltza soinu masa globalizatzaile eta txernobildu horretan igeri.

Atez atekoa martxan jartzea komeniko litzateke apika, baina izan bedi supermerkatuz supermerkatu, edota tabernarik taberna, soinuaren marka berdearen aldeko GKE berri eta abangoardista baten bitartez. Beste pegatina bat tabernako atean: Trotamundos Gida, MasterCard-a onartzen dugu, Euskaraz badakigu, BIOmuzik (euskal labelduna ala ez, aukeran, eta proportzioa negoziagarri). Euskal okela eta euskal tomatea bai, baina euskal musikarik ez? Alfer-alferrik ekoitziko ditugu Irizar autobusak eta CAFen punta-puntako trenak, gero haietan zaborra sintonizatzen badugu; lanaren alderdirik inportanteena egiteke uztea litzateke hori, edo, are larriagoa, egindakoa desegitea. Horretan dihardugu egunero, kontzienteki ala ez, buru-belarri.

Musika-menu pertsonalizatua

Badakigu tabernariak nahikoa lanpetuta daudela tragoak atera eta pintxo-lapurren ehizan, haiei hautaketa musikal sotil eta gaurkotu bat egin dezaten eskatzeko. Bada -hementxe oposaketa berriak, erakunde publikoek jarriak-, osasun ikuskatzaileek musika adituekin bat egin dezaten proposatzen dut, doako aholkularitza zerbitzua eskaintzeko hala nahi duenari; parrokianoei egokitutako musika-menu pertsonalizatua, akustika berdea. Soinu ingurumena hobetuko litzateke, eta, ez daukat horretaz dudarik, tabernaren fakturazioa ere bai.

Kontu honen guztiaren muinean, jakina, neurtzen zaila den gai arantzatsua dago, kontziente naiz horretaz: gustu onaz ari gara. Zer ote da gustu ona, zehazki? Nor izan liteke gustu on hori zaindu, epaitu eta ebazteko bezain harroa eta autoritarioa? Tira, boluntarioak behar balira, ni prest nengoke sakrifikatzeko.

Osasuna eta kultura uste baino harremanduago baitaude. Bi sail horien arteko lankidetza egitasmo bat da hemen proposatzen dudana. Ez gara, bada, konpartimentu estankoetatik at, transbertsalitatearen eta negoziazioaren garaian bizi? Negoziatzen duguna garelako. Alegia, entzuten duguna.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate