El Correo

Eskola ala gurasoak

  • Britainia Handian isuna jarri diete guraso batzuei, eskola garaian haurrarekin oporrak hartu dituztelako

Britainia Handian isuna jarri diete guraso batzuei, eskola garaian haurrarekin oporrak hartu dituztelako. Alegia, haurrak eskolan behar zuenean gurasoekin oporretan izan delako. Nonbait, indarrean dagoen lege batek dio arrazoi justifikaturik gabe eskolara ez doan haurraren gurasoak zigortuak izan behar dutela.

Txikikeria horrek sekulako eztabaida sortu du Britainia Handian. Batzuentzat, ez dago gurasoen erabakia baldintza dezakeen agintaririk; beste batzuentzat, erakundeek erabaki behar dute non dagoen haurraren ongizatea. Nor den nagusi eztabaidatzen da, eskola ala gurasoak.

Zigortutako gurasoek jolas parke batera eraman zuten haurra eta ez dute esplikatu nahi izan zergatik egin duten hori eskola garaian. Esan zezaketen, adibidez, eskolak oporrak dituenean guraso horiek lan egin behar dutela, baina eskubideen esparrura eraman dute eztabaida. Beraien ustez, ez dago haurraren ongizatea non dagoen gurasoek baino hobeto dakienik, ez eskola ez legea.

Ez dut nik gure inguruan era horretako eztabaidarik irudikatzen. Baina hainbat herritan, Britainia Handian edo Estatu Batuetan, gizabanakoak du lehentasuna, ez gizarteak edo taldeak eta gaizki ikusia dago gizabanakoaren askatasuna murrizten duen edozer.

Hori da, adibidez, Estatu Batuetan armen inguruko eztabaidan armak askatasunez erabiltzeko eskubidearen aldekoek ematen duten arrazoi nagusia, gizartea ez dela nor gizabanakoaren askatasuna mugatzeko. Eta ikuspuntu hori hain zabaldua dago, non gobernuak ez baitu lortzen armen kontrako pausorik txikiena ere.

Britainia Handian, epaileek berretsi dute eskolak guraso horiei jarritako isuna, eta asko izan dira erabaki horrek gizabanakoaren askatasuna murrizten duela azaldu dutenak. Gure artean edozein arazoren aurrean lege berriak eskatzen ditugu, debeku berriak. Legea zenbat eta zehaztuago, orduan eta egokiago, pentsatzen dugu hemen. Liberalismoak, ordea, indar handia du hainbat herritan, besteak beste, Britainia Handian.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate