El Correo

Kardiogramak

Etxe hutsak asko daude, baina beren jabeek ez dute alokatu nahi. Egoera hori aldatzeko, urtean zehar etxeak hutsik dituztenei zergak igo dizkie Guipuzkoako Foru Aldundiak. Erabiltzen duen trikimailua IBIa da. IBIren igoera %50ekoa izan da Donostian; Zarautzen, %150ekoa. Hala eta guztiz ere, etxe horiek alokatu gabe diraute. Eusko Jaurlaritzak adierazi du ezin duela pisu gehiegi eraiki hainbeste pisu hutsik dauden bitartean. Nik gauza bakar bat pentsatu dut datu horiek jakin ostean: etxea hutsik eta alokatu gabe dituztenek ez dute izango diru arazorik. Hortik kanpo, ezer gutxi. Geure sistema kapitalistan oso gauza gutxi dira sakratuak, baina harri bitxi horien artean propietate pribatua nabarmentzen da. Propietate pribatuaren kontra ez dago zer egiterik. Beraz, nork bere etxea hutsik izan nahi badu, hutsik izan dezala. Zenbait balore etikori buruz hitz egin genezake gero bai eta etxebizitza eskubideari buruz ere. Alferrik. Propietate pribatua ez dago eztabaidan. Gainera, aitor dezagun, errezagoa da propietate pribatua kolokan jartzea propietate pribatu hori gurea ez denean.

Etxe huts horiek alokairu bilakatzeko zenbait proposamen dute adituek. Hain zuzen ere, abantaila fiskalak ezartzea. Neurria eraginkorra izan daiteke[,] sistemaren dialektikarekin koherentea baita. Bitartean, alokairuek garesti izaten jarraituko dute; gazteek nekez erosiko dute pisu bat eta familia askok gorriak ikusiko dituzte hipotekari eusteko.

«Gelditu zaitezte gurekin» da Ana Malagonek argitaratu duen azken liburuaren izenburua. Lan horretan, «Egunen batean» deituriko ipuin bat dago. Istorio horretan, etxebizitza baten bila dabilen emakume gazte batek pagotxa aurkitzen du. Pisu ederra eta merkea. Arazo bat bakarra du asuntuak: saltzailea ere bertan biziko da: «Etxearekin batera dator xomorroa. Hala ere, oso aukera ona iruditzen zait. Gaixotasun larri bat du eta ez dut uste asko iraungo duenik». Bihotzgabekeria bat dirudi ipuin horren abiapuntua, baina sinesgarria erabat. Tamalez, bihotz onekoa izateak ez digu abantaila fiskalik emango.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate