El Correo

Lapurreten prebentzioa eta segurtasuna areagotuko du Ertzaintzak Aste Santuan

Gizon bat emakume abti lapurtzen.
Gizon bat emakume abti lapurtzen. / E.C.
  • Ertzaintzak hainbat neurri hartuko ditu horretarako gehien bat turismo guneetan; besteak beste, zaintza lanak areagotuko ditu arriskurik handieneko orduetan eta lekuetan, eta plan bateratuak gauzatuko ditu ere udaltzaingo batzuekin

Lapurreten prebentzioa eta segurtasuna areagotuko ditu Ertzaintzak turismo guneetan Aste Santuan. Hainbat neurri hartuko ditu horretarako, besteak beste, zaintza lanak areagotu arriskurik handieneko orduetan eta lekuetan eta plan bateratuak gauzatu udaltzaingo batzuekin, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Bi asteotako oporretan mugimendu handia dago aurreikusita, besteak beste, jendea ohiko etxebizitzetatik irtetea, errepidez joan-etorri ugari egitea, turismo eta merkataritza guneetan jende asko ibiltzea eta ikastetxe eta lantokietako jarduna etetea. Hori dela eta, Ertzaintzak hainbat ekintza prestatu ditu bere lana aldaketa horietara egokitzeko eta segurtasuna bermatzen eta ebasketei eta lapurretei aurre hartzen ahalegintzeko.

Bizkaian, esate baterako, Bilboko ertzain etxeak, udaltzaingoarekin batera, saltokietako eta etxebizitzetako lapurretei aurrea hartzeko plan bat prestatu du. Getxon ere, udaltzaingoarekin koordinatuta, oinez eta autoz areagotuko du zaintza Ertzaintzak erdigunean eta jende asko biltzen den lekuetan, esaterako, Bizkaia Zubian, besteak beste, 'besarkada solidarioa' delako metodoaren bidez egiten diren lapurretei aurre hartzeko.

Bestalde, Basauriko komisariaren ahaleginak bideratuko dira, batetik, etxebizitza eta enpresetako lapurretei aurrea hartzera, eta, bestetik, adingabeak elkartzen diren orduetan eta lekuetan beldurra edo indarkeria erabiliz sakelako telefonoak lapurtzea eragoztera. Balmasedako Ertzaintza, bestalde, prest dago ospakizun erlijiosoetan sortzen diren segurtasun beharrei erantzuteko, bereziki Ostiral Santuan. Halako jendetza elkartzen den lekuetan diru zorroen lapurretak izaten dira deliturik ohikoenak.

Halaber, apirilaren 13, 14 eta 15ean 7.000 pertsona inguru espero dira egunero Igorreko jai eta kultur ekitaldi batean, eta Durangoko Ertzaintzak prest ditu jada segurtasun arazoak saihesten ahalegintzeko neurriak. Sestaoko komisariak ere jende asko espero du inguruko merkataritza guneetan apirilaren 15ean, jaiegunen arteko lanegun bakarra delako eta lapurrei aurre hartzen eta errepideko sarrera-irteeretan trafikoa arintzen ahaleginduko da.

Araban, Gasteizko komisariak aktibatuta izango ditu etxebizitzetako eta industrialdeetako lapurretei eta asteburuetako liskarrei aurre hartzeko planak. Laudioko komisariak, esaterako, Urduñan eta Artziniegan bandalismo ekintzak eragozteko planak jarriko ditu abian, eta polizia errefortzuak jarriko ditu hainbat ekitaldi erlijiosotan, besteak beste, Urduñako Gurutze Santuaren prozesioan, jende asko erakartzen baitu.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate