El Correo

Zein usain du iraganak?

Aspaldiko liburuak Lope de Vega bizi izandako Madrilgo etxe-museoan.
Aspaldiko liburuak Lope de Vega bizi izandako Madrilgo etxe-museoan. / O. Chamorro
  • Liburu zaharrak hartu dituzte oinarri Erresuma Batuko zientzialari batzuek iraganaren usainak bildu eta berregiteko

Liburu eta paper zaharren usainek inspiratuta, iraganaren usaina berregin nahian dabiltza Erresuma Batuko zenbait, etorkizuneko pertsonek jakin dezaten zein usain zerien ordurako existituko ez diren material eta objektuak erabiltzen ziren garaiei.

Usain-bilketa Ingalaterra hego-ekialdeko Kent konderriko etxe handi, dotore eta zahar batean egin dute, XV-XVI. mendeetako Knole House ikusgarrian. Bertan jaio zen, eta bertan igaro zuen haurtzaroa, Virginia Woolfen lagun min Vita Sackville-West idazleak.

Etxean egin duten egonaldian, liburu zaharren, aristokratek erabilitako eskularru eta jantzien, binilozko diskoen eta zoruak zaintzeko erabiltzen ziren argizarien usainak jaso dituzte, besteak beste, tresna eta teknika modernoak erabilita. Azken batean usaina kimika kontua denez, asmoa da usain horiek laborategian berregitea, eta horrela gordetzea, gainerako lekukotasun material guztiekin batera, usain ahaztuak.

Inkesta bat

Egitasmoaren helburua da kulturaren aldetik balioa izan dezaketen usainak identifikatzea, birsortzea, dokumentatzea eta, ahal den neurrian, gordetzea. Jatorrizko usainetara ahalik eta gehien hurbiltzeko aukeratu dute hain zuzen Knole House, eta ez antzinako objektuz beteta dagoen museoren bat, etxe hartan aztertu dituzten objektuak euren «habitat naturalean» daudelako.

Bertan burutako lana osatzeko, inkesta bat ere egin dute beste zenbait tokitan, parte-hartzaileei eskatuz paper eta liburu zaharren usaina deskribatzea. 'Heze', 'gozo' edota 'umel' hitzak erabili zituzten nagusiki inkesta bete zutenek.

Ikerketa gidatu duen Matija Strlic kimikariak esan du ideia bururatu zitzaiola duela zenbait urte, jakin zuenean liburutegietako kontserbatzaileek nahikoa zutela liburuen usaina jakiteko zein zen haien kontserbazio-egoera. Gaiari urteak eman ondoren, zientzialariak dio usainagatik gauza dela esateko non egin zen paper bat, noiz, eta zernolako egoeran dagoen. Horrenbestez, uste du bere lana lagungarria izan daitekeela liburutegietan degradazio zantzuak antzemateko, eta usainen artxibo historikoak ere egin daitezkeela, desagertze zorian dauden usainak gorde ahal izateko.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate