El Correo

Parkinsonari buruzko 32 ikerketa proiektu garatzen ari dira Euskadin

  • Proiektu horien ikerketa ildoek arreta jartzen dute gaixotasunaren forma hereditarioak identifikatzean, gaixotasunean portaeraren nahasmenduak eta bulkaden kontrola aztertzean, eta botika berriak probatzean

Euskal Autonomia Erkidegoko osasun sistema publikoa Parkinson gaixotasunari buruzko 32 ikerketa proiektu garatzen ari da gaur egun. Proiektu horien ikerketa ildoek arreta jartzen dute gaixotasunaren forma hereditarioak identifikatzean, gaixotasunean portaeraren nahasmenduak eta bulkaden kontrola aztertzean, eta botika berriak probatzean.

Parkinson gaixotasuna ikertzeko deialdi publikoen bidezko 1,1 milioi euroko finantzaketarekin, hots, euskal osasun publikoan ikerketarako lortutako finantzaketa osoaren ia %2rekin, Biodonostia Osasun Ikerketako Institutuan (Donostialdea ESI) eta Biocruces Osasun Ikerketako Institutuan (Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako ESI) garatzen dira nagusiki gaixotasun horri buruzko ikerketa proiektuak.

Halaber, gaixotasunaren ikerketan aurrera egiten jarraitzea helburu duten ikertzaile taldeak daude Osakidetzaren hainbat erakundetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarentzat lehentasunezkoa baita neurozientzietan eta, zehazki, gaixotasun neurodegeneratiboen arloan ikertzea. Hala, neurozientzietan ikertzen laguntzeko, Osakidetzak hainbat plataforma ditu. Horien artean dago, besteak beste, Osasun Sailaren mendeko Osasunaren Berrikuntza eta Ikerkuntzarako Euskal Fundazioak kudeatzen duen Euskal Biobankua.

Euskal Biobankuaren bitartez, euskal osasun sistemak garunak emateko programa aitzindaria eta berritzailea du. Euskal Biobankuak laguntza errutinaren soberako lagin biologikoak bildu eta gordetzen ditu eta komunitate zientifikoari ikertzeko banatzen dizkio. Horrez gain, pertsona osasuntsuen edo gaixotasun neurodegeneratiboak dituzten pazienteen garuna emateko programa bat dauka. Orain arte, Biobankuak era askotako gaixotasunak zituzten pazienteen 634 garun jaso ditu; horietatik 12 Parkinson gaixotasuna zuten pazienteenak ziren.

Garunen dohaintza

Garun emaitzak areagotzeko premiari buruz sentsibilizatzeko (pazienteenak ez ezik, pertsona osasuntsuenak ere), Parkinson gaixotasuna duten garunen dohaintza sustatzeko eta gaixotasunaren ikerketan aurrera egiteko kanpaina bat abian jarri du Biobankuak.

Hala, Parkinson Bizkaia Elkartearekin (ASPARBI) lankidetzan, garun dohaintzak nola funtzionatzen duen azaltzen duten 500 informazio orri baino gehiago banatu zizkieten postaz elkarteko kide guztiei. Lan horren ondorioz, hil ondorengo ehunen dohaintzan interesa azaldu duten lehen deiak jasotzen hasi dira ASPARBIn eta Euskal Biobankuan.

Euskal Biobankuaren asmoa da gisa horretako jarduerak sustatzea Euskadiko beste zenbait Parkinson elkarterekin ere. Garun dohantzari buruzko informazio gehiago lor daiteke www.biobancovasco.org webgunean eta 944 536 890 telefonoan.

Eragin bera bi sexuetan

Aurten betetzen da Parkinson gaixotasunaren lehen deskribapenaren 200. urteurrena. Parkinson gaixotasuna jatorri ezezaguna duen nahasmendu progresiboa da, zeinu kliniko nagusi hauek dituena: mugimendu zehatz bat hasteko zailtasuna, atseden dardara, zurruntasuna eta jarrerazko eta ibilerazko nahasmenduak. 40 urtetik gorako biztanleen %0,5-1eri eta 65 urtetik gorakoen %2ri eragiten die, eta eragin bera du bi sexuetan.

Gaur egun jakina denez, sintoma motorrak baino zenbait urte lehenago ager daitezkeen beste sintoma batzuk daude: idorreria, REM loaldiaren portaera nahasmendua (amesgaiztoak oihu eta kolpeekin), usaimen galera eta depresioa. Kasu batzuetan, gene ezagunen zenbait mutaziorekin lotuta dago gaixotasunaren agerpena.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate