El Correo

Hotela

Gay komunitateari zuzenduriko hotel bat irekiko dutela Donostian jakin berri dugu. Polizia Nazionalaren egoitza zaharraren eraikinean irekiko ei dute: zein poetikoa den, batzuetan, denboraren indarra. Axel taldeak irekiko du negozio berri hori. Bere web-orrialdean errespetua da azpimarratzen dutena. Heterosexualekin ere bai, noski. Heterofriendly. Beraz, hotelak edonorentzat edukiko ditu ateak irekita. Gertatzen dena zera da: heterosexualok ez dugu inolako arazorik geure bikotekideekin edozein hoteletara joaten garenean, baina, sinesgaitza badirudi ere, homosexualek beste errealitate batekin egiten dute topo. Nahiz eta jarrera homofoboak ohikoenak ez izan, oraindik ez ditugu erbesteratu. 2017an, bai. Hori dela eta, hainbat homosexualek nahiago dute errespetua bermatuta dagoen lekuetara jotzea. Arrazoi hori barik, ez nuke ondo ulertuko hotel horien berezitasunaren zioa. Normaltasuna erabatekoa izango balitz, horrelako establezimenduak ez lukete zentzurik izango.

Hala eta guztiz ere, jarrera homofoboei kontra egiteko eutsi egitea iruditzen zait gomendagarriena. Hau da: errespetua eta normaltasunaren bandera leku guztietan jartzea. Gizon bat beste gizon batekin edo emakume bat beste emakume batekin edonora joatea eta eroso sentitu ahal izatea da aldarrikapenik garrantzitsuena. Tratu hori exijitu beharko genuke lortu arte. Izan ere, nekagarriak dira borroka batzuk. Luzeegiak, dagoeneko. Uler dezaket, hortaz, akidura. Denok behar dugu ohe bat eta galdera gutxi nekatuta gaudenean. Aldarrikapena biharko uztea, tartetxo bat egitea, erosotasuna bilatu. Ezin dugu etsi, baina zilegi da atseden hartzea. Bihar ere aukera izango dugu errespetua luzatzen ez duten lekuetan errespetua eskatzeko. Hortik kanpo, ez dago gauza handirik esateko. Geure sistema honetan negozioen bideragarritasuna aztertu behar da. Axel taldeak Madrilen eta Bartzelonan ireki ditu hotelak dagoeneko; orain, Donostian dauka jarrita begirada. Ez da zaila irudikatzea Poliziaren egoitza izan zen eraikin hori turistaz, bezeroz, beteta.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate