El Correo

EHUko ikasleak wikilari bihurtzen direnean

Guztira, 77 ikaslek parte hartu zuten proiektu honetan eta antolatzaileak oso gustura geratu dira.
Guztira, 77 ikaslek parte hartu zuten proiektu honetan eta antolatzaileak oso gustura geratu dira.
  • EHUk, Wikipediak eta Donostia 2016k indarrak batu zituzten duela zenbait hilabete EHU-Wikipedia 2016 proiektua martxan jartzeko

Euskal Herriko Unibertsitateak, Wikipediak eta Donostia 2016k indarrak batu zituzten duela zenbait hilabete ekimen polit bat abian jartzeko: EHU-Wikipedia 2016 proiektua, hain zuzen ere. Izan ere, entziklopedia digitalean euskarazko zientzia-eduki gehiago sartzea ideia ona izan zitekeela iruditu zitzaien hirurei. Honela, ideiak biltzen hasi eta ikasleak inplikatzea pentsatu zuten. Zergatik ez? Bada, hilabete batzuk pasatuta, esan daiteke, oso erantzun ona izan duela proiektu honek. Arrakasta erabatekoa izan da, EHUtik esan digutenez.

Hala ere, euskarazko zientzia-eduki gehiago sartzeko ekimen hau sortu izanak ez du esan nahi euskara gaizki kokatua dagoenik Wikipediako sarrerei dagokionez. Ezta gutxiago ere. Datu orokorrak aztertzen badira (ez bakarrik zientziarekin zerikusia dutenak), ikusiko da euskarak baduela nahiko arrazoi harro egoteko. Izan ere, gaur egun, 245.000 artikulu baino gehiago aurkitu ditzakegu euskaraz entziklopedia digital horretan. Datu horrek 31. postuan kokatzen du euskara hizkuntza garrantzitsuen zerrendan; hainbat estatu-hizkuntzen aurretik, hain zuzen ere. Baina, normala denez, ezagutza handitzen doan heinean, sarrerak ere ugaritu behar dira. Etengabe elikatu behar dira Entziklopediak. Baita Wikipedia ere. Eta hementxe kokatzen da EHU-Wikipedia 2016 proiektua.

«EHUko Gipuzkoako Campusaren, Euskal Wikilarien Elkartearen eta Donostia 2016ren artean sortutako proiektua da ‘EHU-Wikipedia 2016’ ekimena. Elkarlanean antolatu dugu eta, egia esan, oso pozik gaude izan duen harrerarekin», azaltzen digu Itziar Zubiak, Gipuzkoako Campuseko Idazkari Akademikoak. Bera da proiektu honen koordinazioaz arduratu den pertsona. «Helburua, euskarazko Wikipedia aberastea izan da, zientzia artikuluak sortuz. Emaitza onak ikusita, beste bi Campusetara zabaltzea erabaki dugu, Euskara eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordetzaren laguntzarekin», argitzen digu Zubiak. Proiektua iaz jarri zuten abian, 2016-2017 ikasturtearen lehenbiziko lauhilekoan, eta izan duen arrakasta ikusirik, bigarren lauhileko honetan ere jarraitzea erabaki dute.

«Jimmy Wales Wikipediaren fundatzaileetako bat da, eta esaldi batean oso modu politean adierazten du entziklopedia digitalaren helburua zein den: ‘Imajinatu mundu bat non planetako pertsona bakoitzak giza ezagutza guztirako sarbide librea duen. Horretan ari gara’. Beste alde batetik, EHUren goiburua ere badaukagu: ‘Eman eta zabal zazu’. Bi helburuek bat egiten dute argi eta garbi», azaltzen du Ana Zelaiak. Bera EHUko Informatika Fakultateko irakaslea da eta proiektu honetan zuzen-zuzenean hartu du parte.

Ikasleak dira, noski, ekimen honen beste parte garrantzitsu bat. Beraiek izan dira, azken batean, edukia Wikipedian sartu dutenak. Proiektu honetan parte hartzeagatik eta artikuluak sortzeagatik aukera askeko kreditu bat eskuratzeko aukera eman zitzaien eta erantzuna paregabea izan zen. Guztira, 77 ikaslek parte hartu zuten eta jorratutako arloak oso ezberdinak izan ziren: kimika, informatika, psikologia, zuzenbidea, kriminologia… Beren lana, edukiei dagokionez, zortzi irakaslek gainbegiratu zuten.

«Ikasleek, proiektu honetan parte hartzeko izena eman ondoren, ikastaro batean parte hartu zuten. Bi arratsaldeko ikastaroa izan zen. Wikilariek eskaini zuten ikastaroa eta honen helburua edizio lana erakustea izan zen. Ikasleek asko ikasi zuten: Wikipediaren filosofia zein den, irudiak, erreferentziak eta formulak nola sartu behar diren, testua nola editatzen den… Egia esan, Informatikako nire ikasleentzako erraza izan zen hau guztia ikastea. Ikasleen ikastaroa bukatu ostean, irakasleok gure ikasleentzako egokiak izan zitezkeen artikulu batzuk bilatu genituen. Hiru motatakoak bereizi genituen: beste hizkuntza batean (ingelesez edo gaztelaniaz) idatzita zeudenak eta itzuli behar zirenak, euskaraz jada existitzen zirenak baina gehiago osatu behar zirenak eta, azkenik, lan originalak izango zirenak (zerotik hasita). Ikasleek banaka edo taldeka egin zuten lan, eta, benetan diot, oso esperientzia polita izan zen”, argitzen digu Ana Zelaiak.

Topaketa

«Ikasleen lana bukatu ostean, topaketa bat antolatu genuen Wikilariekin batera. Gipuzkoako Campusean egin zen topaketa hau. Hainbat Fakultatetako ikasleak elkartu ziren eta oso momentu berezia izan zen, egia esan. Izan ere, Wikilariak ezagutzeko aukera izan zuten ikasleek eta prozesuan zehar izan zituzten zalantzak bertan argitu zituzten. Esperientziak partekatzeko momentu bat izan zen. Abenduan egin genuen», azaltzen du Zelaiak.

Wikilariak ere ekimen honen protagonista garrantzitsuak izan dira. «Wikilarien lana oso inportantea izan da eta azpimarratzea gustatuko litzaidake. Guk irakaslearen lana egin dugu eta hori edukien zuzentasuna mantentzea izan da, baina beraiek asko lagundu digute. Artikulu guzti-guztiak berrikusi dituzte behar bezalako egitura izan zezaten. Xabier Cañas-en izena aipatzea gustatuko litzaidake. Bera wikilaria da eta berak koordinatu du wikilarien lan hau guztia», argitzen du Zelaiak.

Informatikako irakasleak azaltzen digunez, ez dituzte zailtasun asko aurkitu prozesu honetan guztian zehar: «Nire ustez, zailtasun bat aipatu beharko banu, koordinazio lanarena aipatuko nuke. Baina egia esan, ez da zailtasun handirik sortu. Oso ongi joan da guztia», bukatu du Zelaiak.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate