El Correo

«Gazte Plan berriak gazteen enplegua eta emantzipatzeko aukerak lehentsi behar ditu»

  • Beatriz Artolazabalek, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, dio «euskal gazteen prestakuntza maila handitu egin dela»

Beatriz Artolazabal, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu, Gazte Planaren Zuzendaritza Batzordearen bileraren buru izan da asteazken honetan, eta, besteak beste, prestatzen ari den IV. Gazte Planak gazteen enpleguari eta emantzipatzeko aukerei lehentasuna eman behar diela adierazi du.

Batzordean egin duten balorazioaren arabera, dagoeneko amaitu den Eusko Jaurlaritzaren 2014-2016 aldirako III. Gazte Planak helburuen %75 baino gehiago bete ditu, eta 2017-2020 aldirako IV. Gazte Plana prestatzeko prozesuari ekin dio orain.

«Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den IV. Gazte Planak lehentasuna eman behar die gazteen enpleguari eta emantzipatzeko aukerei», adierazi du berriro Artolazabalek.

Bertaratutakoek aztertu duten Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen 2017ko egoeraren diagnostikoan antzeman dutenez, demografiari dagokionez behera egin du gazte kopuruak eta, hortaz, jaitsi egin da gazteek biztanleria osoan duten pisua. Hezkuntzaren atalean, «euskal gazteen prestakuntza maila handitu egin da eta gazteek hezkuntza sistemaren balorazio positiboa egiten dute».

Enpleguari dagokionez, 2016. urtean «nolabaiteko susperraldia» izan zuen, baina enpleguaren behin behinekotasunak gazteen erdiak baino gehiago hartzen ditu eraginpean. Lanaldi partzialeko enplegua (nahi gabekoa gehienetan) hirukoiztu egin da eta batez besteko soldata hileko 1.000 eurokoa da, gutxi gorabehera. Gainera, behin behinekotasuna handiagoa da emakumeen artean.

Emantzipazioa, 30 urterekin

Batzordean aztertu duten diagnostikoaren beste datu batzuen arabera, «gazteak, batez beste, 30 urterekin emantzipatzen dira». Gainera, alokairua asko hazi da emantzipatutako gazteen artean eta gora egin du oraindik familiarekin bizi direnen artean aukera hori nahiago dutenen kopuruak.

Halaber, gutxitu egin dira gazteen osasuna arriskuan jartzen duten jokabideak, hala nola alkohol, tabako eta cannabis kontsumoa eta sexu harreman arriskutsuak. Horietan guztietan gizonezkoek ehuneko handiagoa dute. Ariketa fisikoak eta kirolak gora egin arren, obesitate tasa gero eta handiagoa da. Ariketa fisikoa eta kirola hedatuago daude gizonen artean.

Gainera, euskal gazteen erdiak baino gehiago familiaren mende daude ekonomikoki, eta lanak ere ez du bermatzen independentzia ekonomikoa. Gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunek bere horretan jarraitzen dute. Beste alderdi batek nabarmentzen du gora egin dutela ingurumenarekiko portaera arduratsuek kontsumoari zein mugikortasunari dagokionez.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate