El Correo

Iparraldean ere itxaropena du 20. Korrikak bidelagun

669 kilometroan eman dio lekukoa Udalbiltzak Euskal Elkargoari, Baionako alkateak hartu duelarik.
669 kilometroan eman dio lekukoa Udalbiltzak Euskal Elkargoari, Baionako alkateak hartu duelarik. / AEK/KORRIKA
  • 4. eguna

  • Nafarroa Beherean barrena sartu da Iparraldean, gau hotz eta euritsua gaindituta, keinuz eta kolorez betetako eguna bizitzeko

Korrikak beti uzten du arrastoa igarotzen den tokietan. Nafarroan egin dituen bi egunetan 20. honek arrasto berezia utzi duela esan liteke, lehendik ere euskara gehiago jasotzeko prest eta irrikan zeuden Nafarroa erdialde eta hegoaldeko lurrak -gune 'ez euskaldunak', alegia- ureztatu baititu kilometroz kilometro eta herriz herri; udalen presentzia handiarekin, bide batez.

Erakundeak lagun dituela, inoiz baino indartsuago ari da hedatzen hegoalderantz euskarari bultzada eta garatzeko aukera ematearen aldeko mezua Nafarroan, eta uneoro antzeman da hori Korrikak bertan eman dituen bi egunetan. Izan dira lekukoa eskuan hartuta zonifikazioa bertan behera gera dadin eskatu duten Erriberako alkateak; D eredua sare publikoko ikastetxe gehiagotara heda dadin eskatu duten guraso eta haurrak; euskara Nafarroa osoan ofiziala izan dadin eskatu duten pankartak...

Larunbatetik iganderako gauean amaitu ditu Korrikak Nafarroa Garaiko lehen ibilerak, beste bitan itzuliko baita aurten protagonismo handia duen lurraldera. Erriberako eta erdialdeko lautadetako giro eguzkitsuaren ondotik (larunbat eguerdian Tafallan zen), Euskal Herriko herri garaienetara hurbiltzea tokatu zitzaion iluntzearekin (Izabatik gertu zen gauerdian). Nafar Pirinioan egin duen gaua, alegia, ez da gozoa izan eguraldiaren aldetik, hotza eta euria izan baititu lagun lasterketak Uztarroze, Itzaltzu, Otsagabia edota Euskal Herri osoko tenperatura baxuenak eman ohi dituen Abaurregaina zeharkatzean. Eguna argitzerako Orreaga inguruan ziren korrikalariak eta, Luzaide pasata, 10ak aldera sartu da Nafarroa Beherean, Arnegiko udalak hartu duelarik lekukoa Iparraldeko lehen kilometroan (647).

Nafarroan bezala, Iparraldean ere aldaketa haizeak eta itxaropena dira nagusi euskarari dagokionez. Lapurdik, Zuberoak eta Nafarroa Behereak badute behingoz euren izaera eta jardun bateratua aitortzen duen egitura, eta euskarari ere eragingo dio horrek. Zentzu horretan, momentu esanguratsu bat dakar gaurko etapak, Ortzaizen Euskal Elkargoak hartuko baitu lekukoa, Udalbiltzaren eskutik hartu ere.

722.a, doakotasunaren aldekoa

Ondoren, 50 kilometro egin ditu Korrikak arratsaldeko 17:00ak aldera Baionara heldu aurretik. Korrikaren zain egoteko, Korrika heldu dela ospatzeko, hori igarotzen den herri eta auzo gehienetan antolatzen dituzte jarduera bereziak. Igandea izanik, are zabalagoa da gaurkoan agenda.

Gaur dire egitekoak, halaber, doakotasunaren aldeko bigarren kilometroa. Izan ere, batasunaren eta elkarlanaren aldeko Korrika honek gonbidatzen du jende guztia euskarara hurbiltzera, 'BaTzuk' hori osatzera, eta hori errazteko eskatzen du euskara ikastea izan dadila eskubide bat, zerbitzu publiko bat, guztiek izan dezaten euskarara biltzeko aukera, eta ez bakarrik horren kostua euren gain hartzeko gai direnek. Aurrenekoa Gasteizen korritu zen, Baionan 722. kilometroa izango da doakotasunaren aldekoa, eta gainerako hiriburuetan ere badago gordeta kilometro bat aldarrikapen hori plazaratzeko.

Uretan ere ibiliko da lekukoa Baionan, eta Otxandion bigarren kilometroa egin zuten alkateen artean izan zen Baionako auzapez Jean René Etxegarairen eskuetan ere bai, bigarrenez egunean, berak hartu baitu Euskal Elkargoaren izenean Udabiltzako ordezkariak luzatu diona. Euskaltzaleen babesa bermaturik, eragile sozioekonomiko eta instituzional nagusiena ziurtatuko dute Garapen Kontseiluak eta Euskararen Erakunde Publikoak egingo dituzten kilometroek. Lapurdiko kostaldean eta barnealdean ibili ostean, Nafarroa Beherera itzuliko da igande honetan Korrika, Zuberoarako bidean.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate