El Correo

Kiwiak ez

Argi esango dut: zein astunak diren 'Hazte Oír' elkartearen kideak. Autobus gorriarena boutade itzela izan zen. Zorionez, barrezka ibili gara ekintza horrek sortu dituen meme-ekin. Nire ustez, barre egitea epaitegietara jotzea baino eraginkorragoa da. Egun, arinegi sartzen dugu fiskaltza saltsa guztietan. Geure imintzioek publizitatea baino ez diete ematen. Eta publizitatea da nahi dutena, hain zuzen ere.

Aurreko igandean, esaterako, manifestazio bat antolatu zuen plataformak Madrilen eskola-doktrinamenduaren kontra. Mutilek zakila dutela eta neskek bulba eskoletan ikasaraztea nahi dute. Hori eta kitto. Autobusarekin matraka gehiegi izan genuenez eta gizartearen asperdura sumatuz, publizitatea lortzeko aparteko fitxatze bat lortu zuten: manifestazioan Charlotte Goiar egon zen. Goiar transexual oso ospetsu bat da. Berak ere doktrinamenduaren kontra dagoela azpimarratu zuen. Egia esan, ez dut ulertzen bere jarrera, 'Hazte Oír' elkartea ere doktrinatik gertu dagoelako. Baina nik ez dut ia ezer ulertzen. Dirudienez, elkarte horri arrotz egiten zaio bulba duten mutilen eta zakila duten nesken errealitatea. Oso gauza exotikoa iruditzen zaie. Hortaz, zertarako joan hain urrun gelditzen zaien sentsibilitate baten kontra? Haiek ez daude behartuta ezer egitera.

Hala eta guztiz ere, exotikoak suertatzen zaizkigun hainbat kausa defenda ditzakegu. Esaterako, nik ez dut gustuko Zelanda Berriak nazional-sinbolo gisa daukan kiwi txoria. Hain izen arraroa duen ezerk ezin du nazio-sinbolo bat izan. Gainera, kiwiak ez du hegan egiten, beraz, niretzat ez da txoria. Hori dela eta, Zelanda Berriraino joango naiz. Han izanda, hurrengo lema hau margotuko dut autobus batean: «Kiwi bat ezin da izan nazio- sinboloa. Ez zaitzatela engainatu». Ni gero etxera bueltatuko naiz eta kiwiren errealitatea urrunegi geldituko zait. Baina horrek ez du garrantzi handirik. 'Hazte Oír'-eko kideek bezalaxe, txori bat zer den eta zer ez den adierazteko eskubidea daukat nik. Bai eta zein txori ibil daitekeen libre eta zeintzuk ez, ezta?

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate