El Correo

Autoargazkia

  • Gutako bakoitzak du bere irudia Euskal Herriari buruz eta, modu kontzientean edo oharkabean, zerbait datorkio gogora mundu bazter hau aipatzen den bakoitzean

Gutako bakoitzak du bere irudia Euskal Herriari buruz. Modu kontzientean edo oharkabean, zerbait datorkio gogora mundu bazter hau aipatzen den bakoitzean, edozein izen ematen zaiola ere. Argazki bat osatzen du gutako bakoitzak burmuinaren bazter batean.

Eta argazki horretan nork bere osagaiak sartzen ditu. Ikusten duguna, kontatzen digutena, sinesten duguna, amesten duguna, nahiko genukeena. Era berean ezabatzen ditugu gustuko ez ditugunak, eta ezagutzen ditugunak ezingo dira irudian azaldu. Hori guztia, gehienetan, arrazonamendurik gabe, senaz, intuizioz.

Batzuen kasuan, irudia aldatu egiten da, bizi denaren arabera aldaketa txikiak edo handiak egiten zaizkio argazkiari. Irakurtzen duzu, adibidez, bosgarrena dela telebista katerik ikusiena gure artean, bereziki zuri amorrazio gehien eragiten dizun saioa, eta horrek argazkia aldatzen dizu, nahitaez. Edo izaten duzu emakumeon kontrako bortxakeriaren inguruko gorabeherak eta esaten denaren eta egiten denaren arteko kontraesanak lekua eskatzen du argazkian.

Beste askorentzat, ordea, irudia finkoa da, fosildua dago, horrela ezagutu nuen, horrela jaso nuen eta horrela geldituko da, argazkiaren kanpo gelditzen den errealitatea barruan dagoena baino pisu handiagokoa bada ere. Gehiago axola du norberaren lasaitasunak egiak baino.

Horregatik ez daude bi argazki berdin, are familia baten edo bikote baten barruan. Aniztasuna esaten zaio horri azken boladan. Ikuspuntu ugaritik, aniztasunak aberastasuna dakarkio edozein gizarteri, baina ez da falta askotariko aberastasun horretan zailtasuna besterik ikusten ez duena, gizarte pobreagoa baina berdinagoa nahiko lukeena, indarra eta ahaleginak horretara bilduko dituena.

Noski, zenbat eta jantziago, zenbat eta irakurriago, informatuago, orduan eta egiazkoagoa izango da zure argazkia. Baina jakintsurik jakintsuena bilakatzen bazara ere, ez duzu sekula benetako argazkirik lortuko, ehuneko ehunean egiazkoa izango den argazkirik.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate