El Correo

Basker: kanpokoen begirada

Walter Ongek, ahozkotasunaren ikertzaile nagusiak, bere ikerketetan ari zela, komunikatzaile batekin topo egin, eta bere nortasunaz galdetu zionean, herriko pertsona xehe hark hauxe erantzun zion: «Nor ote naizen ni? Bestek esango du hori! Besteek dakite nor naizen ni». Besteen iritziak sortzen du, neurri batean, norberaren nortasuna, horregatik herri txikietan hain garrantzitsua da besteek norberaz duten iritzia, eta norberaren 'izen ona' gorde beharra dago horrelako gizarteetan.

Herri txikiek ere bere nortasunaren berri izateko kanpokoen iritzia behar dute. Eta Euskal Herriaz kanpokoek dutena azaltzera dator Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak atera berri duen liburua: ‘Basker: 1960ko hamarkadako euskal kulturari buruzko suediar dokumentalak’, Argibel Euba Ugartek mamitua eta idatzia.

Liburuaren laburpenak ongi marrazten du zer duen barnean: «1963ko urtarrilean eta otsailean, Dan Grenholm eta Lennart Olson erreportariek Euskal Herria bisitatu zuten hainbat astean zehar, eta euskal kulturari eta folkloreari buruzko bi laburmetraia dokumental etnografikoetarako filmazioa egin zuten». Horixe da liburuak eskaintzen duena: Erreportari bi haien historia eta lana DVD miresgarrian bilduta.

Harkaitz Canok askotan kontatzen du Dubravka Ugresic-ek, kroaziarra izanda ere Holandan bizi den idazleak azalduriko pasadizo hura. Ugresic-en iritziz Europako herri eta literatura txikiko liburuek, demagun Letoniako liburuek, demagun Estoniako liburuek, oso toki meharra izango dute Europako beste herrialdeetako liburu-dendetako erakusleihoetan. Gehienez ere batek izango du tokia. Eta nor izango da bakar hori? Bada bere herriaren arima ongien erakusten duena. Eta «herriaren arimaren» kontzeptua oso labainkorra denez, Ugresic-ek definitu behar du kontzeptua zentzu berri bat emanez, eta ez Erromantizismoak eman zion zentzu atzerakoia bermatuz. Beraz, esan ohi du arimaren irudi hori Europako eliteek arima horretaz duten estereotipoari ongien moldatzen dena dela. Beraz, besteen begiradak aginduko luke horretan ere.

Ugresic-ekin, eta bide batez Harkaitz Canorekin oso ados ez banago ere, aitortu behar dut ezin izan dudala ideia burutik kendu ‘Basker’ irakurtzen eta ikusten nuen bitartean.

Zein irudi eman dute suediarrek gutaz? Argibel Eubaren lana zehatza da horretan eta zuzena. Ikerlariarena eta ikertzailearena egin du gertakizunaren nondik norakoak agerraraziz. Filmen gaiak zehaztu eta ageri diren pertsonak identifikatu ondoren, egileak nortzuk ziren agertu eta haien berriak eman dizkigu. Xehetasunez oso hornitua dago egindako lana. Puntuz puntu jarraitzen du etnografo eta kamera suediarrek egin zuten bidaia.

Askoz ere interesgarriagoak dira, nik uste, filmaren azterketarekin egindako kapituluak. Argibel Eubak ez ditu ahaztu filmaren, dokumentalaren azpian dagoen joera ideologikoa eta egileek izan zuten jarrera. Adierazgarriak dira egileek izan zuten irekitasunari eta zintzotasunari zuzenduriko orrialdeak. Baina azken batean, etnografia lan biren aurrean gaude, eta ikuspegi etnografiko horrek mugatu du Euskal Herriaz emandako ikuspegia. Eta puntu horretan Eubak oso pasarte esanguratsuak idatzi ditu. Nahiz eta etnografia nagusi izan, erreportariek oso kontuan hartu zuten eurena ez zela soilik etnografia lan bat, eguneko bizitza agerian utzi nahi zutela bazekiten, eta horretarako oso argigarriak dira Ondarroako taberna batean grabaturiko eszenak. Euskalduna ‘beste’ izaki baten gisa adierazi nahi izan zuten.

Lanaren sakontasunaren froga da beste aldetik, politikarekin (zentsurarekin eta erregionalismoaren ideologiarekin) izan zituzten loturak aztertzen duen atala. Ez du ahaztu, bukatzeko, filmaren eragina eta Eubak dokumental biok euskal zinemak izan duen dokumentalen testuinguruan jarri ditu bere lanari bukaera ederra emanez.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate