El Correo

BAT, Barik eta Mugi txartelak Donostiako autobusetan erabiltzeko proiektu pilotua abian da

Dbus konpainiako autobusak.
Dbus konpainiako autobusak. / DV
  • Txartela autobusera igotzean balioztatuko da, gidariaren postuaren ondoan dagoen makinan

BAT, Barik eta Mugi garraio txartelak Dbus konpainiako 45 linean erabiltzeko proiektu pilotua martxan da. Horrela, interoperabilitatea tren, tranbia eta funikularretan abiarazi ondoren, orain hiri autobusen zerbitzuetan ezartzen hasiko da.

Orain arte, BAT eta Barik txartelak zituztenek Euskotreneko zerbitzuetan erabili zitzaketen txartelok Gipuzkoan. Aurrerantzean, eta datozen asteetan Dbuseko gainerako lineatan ere erabiltzen hasteko, 45 linean erabili ahal izango dira bidaia txartela ordaintzeko.

Mugi/Lurraldebus txartelen antzera erabiliko dira, hau da, txartela autobusera igotzean balioztatuko da, gidariaren postuaren ondoan dagoen makinan. Makina horiek BAT eta Barik logoekin identifikatuta daude. Gainerako lineatan txartel hauek onartu ahala, ordainketa makinak ere identifikatuta joango dira.

Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza eta Garraio sailburuordeak proiektuaren aurkezpenean esan du Euskadin dagoen garraio publikoa «kalitatezkoa, segurua eta fidagarria» dela, baina hobetzen jarraitu behar duela, «eskuragarriago, erakargarriago eta eraginkorragoa» izan dadin. Tarifikazio sistema arin, eroso eta aurreratu baten alde agertu da, bidaia txartel bakarrarekin Euskadiko garraio publiko guztietarako, eta bidaia txartel bakarra lortzeko bidean egindako aurrerapausoa nabarmendu du.

Halaber, Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi du aurrerantzean beste lurraldeetako bisitariek euren garraio txartelak erabili ahal izango dituztela Dbuseko autobus sarean, eta, modu berean, Mugi txartelaren erabiltzaileek ere aukera izango dutela euren txartela Bilboko eta Gasteizko tranbietan edo Euskotreneko linea orokorrean erabiltzeko, bizkaitarrek eta arabarrek prezioan dituzten abantaila berberekin.

Interoperabilitaterantz aurrera egiten jarraitzeko eta autobus guztietara zabaltzeko nahiarekin Dbusek egin duen lana nabarmendu du Goiak. «Euskadin bidaia txartel edo garraio txartel bakarra edukitzeko gogoarekin markatu dugun helbururantz aurrerapauso bat da», azpimarratu du.

Tarifak

Mugi sistemaren lehen bidaia tarteari dagokion tarifa izango da BAT eta Barik txartelekin. Ibilbide horretarako baino ez da izango eta ez da sartuko Dbuseko lineen arteko aldaketa. Dbusen eguneko bidaiek 0,93 euro balioko dute, eta gauekoek 2,10 euro. Familia ugariek %20ko eta %50eko deskontua edukiko dute dagozkien tarifekiko, eta txartel anonimoek, berriz, balioztapen bat baino gehiago egitea ahalbidetuko dute.

Era berean, Mugi/Lurraldebus txartelen titularrek, Interoperabilitateko Proiektuan bertan ezartzen denez, Euskotreneko linea orokorrean bidaiatzen jarraitu ahal izango dute Hendaiatik Bilboraino, baita Zornotza-Bermeo adarrean, Bilboko eta Gasteizko tranbietan, Larreinetako funikularrean eta, laster, Bilboko metroan ere.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate