El Correo

Itsasoa

Gerra Zibilaren garaian, Ameriketako Estatu Batuek euskal errefuxiatuak hartzeko asmoa izan zuten. Horretarako, 'American Board of Guardians for the Basque Refugee Children' kontseilua osatu zen. Egitasmoa: bostehun haur New Yorken babestea. Nobela baterako argumentu itzela da istorio hori. Gainera, Eneko Axpe ikerlariari esker, jakin berri dugu Albert Einstein Kontseilu horren partaide izan zela. Beste datu deigarriak daude ikerkuntza horretan: 'Euzko Deya' aldizkariaren harpide izan zen Einstein; eta jakinarazi digute berak eta Juan Larrea poeta bilbotarrak elkarri idazten ziotela. Beraz, agerikoa da Einstenek euskal kulturarekin zuen konexioa. Nolanahi ere eta geure ildora itzuliz, jakin dugu Einstenek eta Kontseilu horren gainerako partaideek 'President Harding' itsasontzian eraman nahi zituztela errefuxiatuak Ameriketara.

Tamalez, proiektua bertan-behera gelditu zen. Aldiz, beste zenbait itsasontzi gerratik urruntzeko aukera eman zuten, eta literaturan oihartzun zabala izan dute itsasaldi horiek. Esaterako, Xabier Mendigurenek Alsinari buruz idatzi du; Kirmen Uribek Habana ontzia eszenatoki erabili zuen 'Mussche' liburuan, eta Habana translantiko horretan jarri zuen fokua Javier Urrozek ere 'La familia interrumpida' idatzi zuenean. Nobela horren abiapuntua 1937an dago. Southamptoneko portura hiru mila ume euskaldun ailegatu ziren. Garai horretan, Ingalaterrean erbesteratua zegoen Luis Cernuda. Poeta andaluziarrak euskal errefuxiatuei laguntzeari ekin zion. Istorio ederra hura ere, hainbeste sufrikarioren artean.

Itsasoa irtenbide itxaropentsua izan da beti. Infinitu urdinak etorkizunarekin amets egitea baimendu zuen. Olatu eta kresalaren artean, promesa bat. Baina Albert Einstenek azaldu zuen bezala dena da errelatiboa. Itsasoa askatasunaren metafora izan daiteke, eta, aldi berean, harresi likido bat. Espazio amaigabe bat izan daiteke ozeanoa eta, aldi berean, kartzela. Galde diezaiogun geure buruari zer den geuretzat itsasoa. Erantzunak erakutsiko du munduko toki egokienetariko batean bizi garen ala ez.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate