El Correo

Jokin Azkue HABEko zuzendari nagusia izango da

Jokin Azkue Euskara Sustatzeko zuzendaria izan da azken legealdian.
Jokin Azkue Euskara Sustatzeko zuzendaria izan da azken legealdian.
  • Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak Estibalitz Alkorta Euskara Sustatzeko zuzendari izendatu du

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak Estibalitz Alkorta Euskara Sustatzeko zuzendari eta Jokin Azkue HABEko zuzendari nagusi izendatu ditu, eta Gobernu Kontseiluak astearte honetan onartu ditu izendapen berriak, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren menpe egongo direnak.

Horrela, Estibalitz Alkortak aurreko agintaldian Jokin Azkuek zuen kargua hartuko du eta Euskara Sustatzeko zuzendari berria izango da. Alkorta Lasarte-Oriako ingeniari industriala da eta Enpresara Aplikatutako Kalitate Kudeaketan du masterra. Kalitatearen kudeaketan auditorea ere bada, baita lan arriskuen prebentziorako teknikaria ere.

Euskara, gaztelania eta ingelesa menperatzen ditu, eta sektore pribatuan zein publikoan aritu da: batetik, kalitateko arduraduna eta gerentea izan da fabrikazio elektronikoko sektoreko enpresa batean, eta bestetik, Gipuzkoako Aldundiko Euskara zuzendaria izan zen 2007tik 2011ra eta Lasarte-Oriako Udalean Ogasuneko batzorde burua eta EAJren bozeramailea. 2008tik Euskararen Aholku Batzordeko kidea da.

Euskararen erabilera eta ezagutza sustatzea, gizartea sentiberatzeko kanpainak bultzatzea, hedabideetan duen presentzia suspertzea edota hizkuntzaren aldeko proiektuak laguntzea izango dira bere ardura nagusiak Euskara Sustatzeko Zuzendaritzan.

Bestalde, Jokin Azkuek Joseba Erkiziaren lekukoa hartuko du HABEko zuzendaritza nagusian, eta helduen euskalduntzearen eta alfabetatzearen gidaritza izango da bere ardura nagusia. Euskara ikasteko baliabide didaktikoak lantzea edota udal euskaltegien zein gizarte ekimeneko euskaltegi homologatuen jarduera finantzatzen laguntzea eta sustatzea izango dira bere eginkizunak, besteak beste.

Psikologian lizentziatua da eta eskarmentua dauka HABEn, 1996tik 2005era zuzendaria izan baitzen. Horrez gain, Hizkuntza Normalizatzeko teknikaria izan da Jaurlaritzan bi etapatan (1986-1994 eta 2011-2013), eta Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendari gisara ere jarduna da bi garai ezberdinetan (1994-1996 eta 2005-2008). EAJren zinegotzia izan da Tolosako Udalean, eta azken legealdian Euskara Sustatzeko zuzendaria.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate