El Correo

Kartoizko armak eta irudimena

«Si vis pacem para bellum», dio latindar esaldi ezagunak. Bakea nahi baduzu, prestatu gudarako. Duela bi mila urte idatzitako 'Gerraren artea'n, gerraren alorrean klasikoa den liburuan, Sun Tzu filosofo txinatarrak esan zuen hobe zela borrokarik gabe irabaztea. Etengabeko borrokan ditugu gerra eta bakea. Betiereko itzuleran. Heraklitok zioen gerra zela gauza guztien ama. Historia kontakizun ia guztien ardatza gerrak dira. Haiekin abiatu edo amaitzen dira hainbat garai. Inork nahi ez duen hori da gerra, baina beti hor egon dena, ate joka. Nolanahi ere, ez nator ni gerraren apologia egitera, aspalditik ezagun dugun eta, tamalez, behin eta berriz errepikatzen den errealitate bat egiaztatzera baizik.

Haurrek txikitatik atsegin dute ‘gerretara’ jolastea, batez ere mutilek. Batzuek berehala izendatzen dute beren burua pirata edo zaldun, eta irudimenezko guda zelai batean, mendian zein parkean, aritzen dira harritxoekin, makilekin edo irudimen hutsarekin jolasean. Jakin badakite, aspertu arte errepikatu diegulako gurasook, oker handienetako bat dela gerra, okerrena ez bada. Baina berez ateratzen zaie ‘gerretara’ jolastea.

Bada, lehengoan, seme nagusiak zeloarekin eta paperarekin aritu ziren etxean jostailuak sortzen. Horien artean, kartoizko pistola eta metraileta batzuk. Haiekin aritu ziren gero jolasean poz ederrean. Gustua hartu zioten jolasari, eta gelako beste zenbait lagunekin partekatu nahi izan zuten. Hala, jostailuzko armak eskolara eraman zituzten motxilan sartuta, atsedenaldi orduan haiekin jolasean aritzeko. Arratsaldean, kopeta zimurtuta atera ziren eskolatik. Aurpegi ilun hura zertara zetorren galdetu nienean, semeetako batek sorbaldak jaso, eta esan zidan armak kendu zizkietela. Antza, etxean egindako arma artisau horiekin jolasean ari zirela, beren fantasiazko istorioetan murgilduta, irakasle batek kargu hartu zien, gerra-jokoetan ari zirelako. Jokabide hura ez zela egokia ohartarazi zien hurrena, bai eta armak konfiskatu ere. Ez ziren inori minik ematen ari; ez ziren inor gaizki tratatzen ari; ez ziren irainka ari; ez zituzten arreta eta gogoa iltzatuta bideo-joko odoltsu batean. Labur esanda: akabo jolasa eta irudimena.

Gauza jakina da, eta psikomotrizista askok hala diote, berez ditugula emozio biolentoak, eta horiek jolasaren bidez, errepresentazio ludikoaren bidez ateratzea komeni dela, ez daitezen buruan enkistatuta geratu. Izan ere, enkistatuta geratzen badira, etorkizunean emozio horiek kudeatzeko zailtasun handiagoak izan ditzakegu. Horregatik, mendian goazenean eta semeek makilak eta horrelakoak hartzen dituztenean, muga garbi bat jartzen diegu beren jolasetarako: elkarri minik ez ematea, elkar errespetatzea. Esan gabe doa makilak ez dituztela soilik gerra-jolasetarako erabiltzen; etxeak, espaziontziak, itsasontziak edo bestelako gauzak eraikitzeko ere erabiltzen dituzte, edo pertika bezala urrutira jauzi egiteko. Normalean, ez dizkiegu gerra-jolasak erosten, baina beraiek antzeko zerbait asmatzen badute... Gainera, ez dut uste gerra-jokoak debekatzeagatik gerra gutxiago izango denik munduan. Arestian esan bezala, nor ez da mosketarietara edo piratetara jolastu? Horiek ere debekatu behar al ditugu orain? Hala, politikoki zuzenak jarrita, esango al diegu haurrei piratak, oro har, putaseme bihozgabe hutsak zirela benetan, eta jendea odol hotzean hiltzen zutela sosa batzuen truke? Esango al diegu benetako piratek ez zutela zerikusirik gure iruditerian azken hamarkadotan errotu diren pirata abentura-zale, erromantiko eta sinpatiko horiekin?

Okerrena da istorioa ez dela hor amaitzen. Irakasle arduratsu eta bakezale hark esan zien gure semeei jostailuak itzuliko zizkiela jangela-orduaren ostean. Bada, joan ziren armak erreskatatzera hitzartutako lekura, eta hara non ikusi zituzten zakarrontzi batean tolestuta eta zanpatuta. Nola bukatu zuten han? Ez da zaila imajinatzea. Gerraren aurkako ekintzaile hura pozik joango zen etxera. Norbaitek esan beharko lioke badirela kartoizko armak baino bortizkeria okerragoak.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate